Hain justu ere, Bidegik publiko egin berri duen 2012ko aurrekontuan jasotzen da 26 milioi euro bideratuko direla datorren urtean Urretxu-Atzuola autobideko lanetara.
Dena dela, Bide eta Azpiegitura Sailetik jakinarazi dute "zuhurtziaz" jokatu nahi dutela eta aurreikuspenak horiek diren arren, oraindik ere finantzazio bideak lotzen ari direla: "Zuhurrak izan nahi dugu. Gure asmoa da Deskargako tunel berriaren proiektuarekin aurrera jarraitzea, baina banketxeekin negoziatzen ari gara orain. Diputazioaren egoera ekonomikoa oso gogorra da. Aurrekoek utzi digutena hori xe da, eta ahal dugun eta ondoen kudeatzen gabiltza. Ez da erraza".
Dena ondo bidean, 2013an beste 22 milioi euro bideratuko dira Urretxu-Antzuola tramura eta 2014an 17 milioi euro gehiago.
Urretxu eta Antzuola batuko dituen tramua bukatuta, errepide berria Bergararaino luzatzea geratuko litzateke Beasain-Bergara ardatza amaitzeko.
680 metroko tunela
Urretxu eta Antzuola arteko errepide zati berriak 2,7 kilometro luze izango digu eta egungo bidearen puntu beltzak ezabatzea ahalbidetuko du, besteak beste, Deskargako portuaren azpitik pasatuko den 680 metroko tunelari esker.