Euri-jasek arazoak sor ditzaketela ohartarazi du herrizango sailak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 5a

Larrialdiei aurre egiteko eta meteorologia zuzendariak, zapatuan eta domekan, euriaren ondorioz, arazo nabarmenak sortzeko arriskua dagoela ohartarazi du. Ondorioz, alerta laranja ezarri du. Era berean, haizete gogorrak izan daitezkeela-eta, alerta horia ezarri du. Ahal bada autoa ez erabiltzea, eta ibilgailuak ur putzuak sor daitezkeen tokietan edo erreka bazterretan ez uztea gomendatu du. Egunean 80 litro metro koadro batu daitezkeela iragarri du.

Gaur eta bihar, 24 ordutan, euri-jasen ondorioz, 80 litro metro koadro batu daitezkeela iragarri du Euskalmetek. Eta, 100 kilometro orduko haize boladak ere bai.

Euri-jasak direla-eta, honako gomendio hauek eman ditu heritarrendako. Ondorio txarrak saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko:

Prebentzioko neurriak

  • Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
  • Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
  • Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak