EAJ, PP, PSE-EE edo UPyD ohikoez gain, badira berrikuntzak bozketa hauetan. Batetik, Amaiur, Bilduko alderdiez gain Aralar gehituta; bestetik, Ezker Anitza-IU-Los Verdes, Ezker Batuaren zatiketatik eratorritako aukera, Madazoren zaleak kanpoan utzita; Equo da beste berritasun bat, Juantxo Perez Uralde Greenpeace Españako presidente donostiarrak sortu berri duen alderdia.
Eta, horiez guztiez gain, ez ohikoagoak, ezezagunagoak, hauteskunde kanpainetan ezagutzen diren horiek: PUM+J: Bidezko Mundurantz; Partido Animalista Contra el Maltrato Animal, edota Unificacion Comunista de España. 10 aukera, guztira, azaroaren 20an hautestontzietan.
Kongresurako sei diputatu aukeratuko ditugu Gipuzkoan; Senaturako, hiru.
Alderdi nagusiak
Debagoienean, hiru alderdik jasoko dituzte botorik gehienak: Amaiurrek, EAJk eta PSE-EEk. 2008ko martxoko bozetan, sozialistak izan ziren nagusia gure ibarrean eta Espainian ere bai. Hauteskunde haiek, baina, bereziak izan ziren: Isaias Carrasco militante sozialista arrasatearra erail zuen ETAk hauteskundeen bezperan, kanpainako azken egunean, Mondragoen. Bestalde, ezker abertzalea ez sen aurkeztu eta Aralar bakarrik joan zen.
EAJ izan da indar abertzale bakarra Espainiako Kongresuan eta Senatuan azkeneko urteotan. Oraingoan, ordea, Amaiurren parte hartzearekin, bietako ordezkariak izango dira Madrilen.
Bi debagoiendar
Azpimarratzekoa da, bi debagoiendar direla bi alderdiren zerrendako buru. Maite Aristegi bergararra, Amaiurrek Gipuzkoatik Kongresurako aurkeztuko du. Eta, EAJk, Senaturako, Lore Leanizbarrutia aretxabaletarra. Biek ere aukera handiak dituzte Madrilen egoteko. Izaskun Moiua oñatiarra ere badoa EAJren Arabako zerrendetan, hirugarren Kongresurako, hain justu ere.
Kanpainako ekitaldiak
Alderdi politikoek gauerdian emango diote hasiera hauteskunde kanpainako ekitaldiei eta asteburuan areagotu egingo dute jarduna. Amaiurreko Maite Aristegi, esaterako, 19:00etan Gipuzkoako hasierako kartel-itsaste ekitaldian egongo da bihar, Benta-Berriko kiroldegiaren aurrean, Donostiako Antigua auzoan. Portugaleten, Gasteizen eta Iruñean ere egingo dituzte ekitaldiak Amaiurrekoek.
Bestalde, Bergaran, zapatuan, beste ekitaldi bat egingo du Amaiurrek: trikitilari, dantzari eta bertsolariez lagundurik, Zubien Martxa egingo dute, 12:30etik aurrera, Bergarako San Martin Plazatik. “Monzon, Lizarra Garazi, presoak… gogoratuko dituen ekimena herritarra eta zabala izatea nahi dugu” diote prentsa ohar bidez, eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
EAJk ere Donostian egingo ditu kanpaina hasierako ekitaldiak. Gaur, eguena, 18:00etan, Donostiako Elhuyar plazan elkartuko dira hautagaiak. Eta, bihar, egubakoitza, 11:00etan, Donostiako Pio XII Plazan, Arantxa Tapia Gipuzkoako EAJren zerrendaburua Kongresurako eta Eneko Goia izango dira. Gasteizen eta Bilbon ere egingo dituzte ekitaldiak EAJkoek gaur.
Sozialistak Donostian batuko dira gaur 22:00etan kanpainari hasiera emateko. Lopez lehendakaria eta Elortza, Madina eta Jauregi hautagaiak izango dira Londres hotelean.
Bihar, goizean, Arrasaten eta Eskoriatzan izango dira larrosak banatzen. Besteak beste, Odon Elortza zerrendaburua Gipuzkoatik Kongresurako.