Euskal Herria garai historiko berri baten atarian sartu dela eta, Debagoieneko Bilduko hautetsiek adierazpen instituzionala egin dute.
Haien esanetan, "azken bi urteetan Euskal Herrian eman diren aldaketa politiko eta sozialerako prozesuaren ondorioz ireki den egoera berriak, Nazioarteko Konferentzian islatu zen atzerriko adituen inplikazioak eta ETAren erabakiak ilusioa eta itxaropena ekarri dizkiote Euskal Herri osoari".
Gehitzen dutenez, ETAk hartutako erabakiak konfrontazio armatua behin betikoz amaitzea dakar eta konfrontazio horrek sortu dituen ondorioei buruzko elkarrizketari ekiteko garaia iritsi dela uste dute.
Gernikako Akordioko "neurriak bete"
Urte luzeetako gatazkak sufrimendu handia eragin duela uste dute. Hori dela eta, "lehenbailehen horiei heltzea eta gure herrian normalizazioa, errekonziliazioa eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako bakea eskuratzea atzera ezinezko lana da".
Hori horrela, gizarte osoak berea sentituko duen behin betiko bakea lortzeko beharrezkoak diren oinarriak jartzeko Euskal Herriko eragile askoren babesa duen Gernikako Akordioak exijitzen dituen neurri guztiak betetzea beharrezkotzat jotzen dute. Era berean, gatazkaren ondorioei helduko dien elkarrizketari ekiteko deia luzatu nahi diete Espainiako eta Frantziako gobernuei eta "arduraz joka dezatela" esan.
Edonola ere, ez dute uste ETAren erabakiak gatazka politikoa desagerraraziko duenik. "Euskal Herria herri bezala aitortua izateak eta bere etorkizuna libreki erabaki ahal izateak soilik berma dezake behin betiko konponbide politikoaren gainditzea" diote.
"Elkarrizketa abiarazteko unea da"
Irekitako prozesuan guztiok parte hartzeko garrantzia ere azpimarratu dute adierazpenean: "Gure Herrian nazio identitate edota ikusmolde ezberdinetako herritarrak bizi dira. Horiek ordezkatzen dituzten alderdi ezberdinak ere badira. Denok gara euskal herritarrak, denoi dagokigu irekitako prozesuan parte hartzea".
Hala, elkarrizketa politikoari ekiteko garaia dela uste dute; eragile eta alderdi politikoei dagokien negoziazio politikoa abiatzeko.
Abiatu beharreko elkarrizketa hori bazterketa, beto eta mugarik gabekoa izan behar dela ere azpimarratzen dute, eta baldintza bakarra izango duena: "Euskal eragileek gatazka politikoaren oinarrian dauden arazo politikoei bilatu beharko dioten aterabide politikoa denok defendatu eta errespetaraziko dugula".
Edozein modutan ere, azken hitza "herritarren esku" laga behar dutela ere uste dute, "hori delako, eta ez besterik demokrazian oinarritutako bakea eraikitzea".
Lanerako konpromisoa hartu dute
Aro historikoa ireki den moduan, bailarako Bilduko hautetsiek parada historikoa dutela uste dute "aukera hori arduraz baliatu eta bururaino eramateko. Eta, hori horrela izateko "euren esku dagoen guztia" egingo dutela esan dute. Hala, "udaletan eta esandako norabidean lan egiteko konpromisoa" adierazi dute.
Bukatzeko, dei egiten diete herritarrei prozesua bultzatu, babestu eta sostenga dezaten: "Bakea, demokrazia eta askatasunera eramango gaituen itsasontziak herritarren parte hartze eta bultzada beharrezkoa ditu Bultzatu dezagun beraz denok aterabide demokratikoaren norabidean".