Arrasaten ere azalduko ditu 2012ko aurrekontuak Diputatu nagusiak

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko azaroaren 2a

Aldundiak zuzenean aurkeztuko dizkie herritarrei 2012ko aurrekontuak. Hamar batzar egingo dituzte horretarako; bata Arrasaten izango da, hilaren 16an.

Martin Garitano diputatu nagusiak zuzenean aurkeztuko dizkie herritarrei Aldundiko 2012ko aurrekontuak. Hamar batzar egingo ditu horretarako, beste horrenbeste herritan, bere gobernuko beste kide batzuekin batera, eta batzar horietako bat Arrasaten izango da, hilaren 16an, hain justu ere.

Kanpaina abiarazi berri dute

Gipuzkoa ezberdin baterako, kontuak garbi izena jarri diote kanpaina horri eta Larraitz Ugarte foru gobernuko bozeramaleak eta Arantza Ruiz de Larrinaga Hiritarren partehartzerako departamenduko zuzendariak aurkeztu dute gaur, eguaztena.

Batzarrok irekiak izango dira interesa duten herritar guztiendako eta horrekin batera Aldundiko departamendu bakoitzarekin lotura duten erakundeekin ere elkartuko dira.

Ugartek prentsaurrekoan esan duenez, 2012ko aurrekontuen proiektua ez dute herritarren partehartzerako mekanismoak erabilita Batzar Nagusietan aurkezteko izan duten "denbora eskasiagatik". Hala ere, Aldundiko ordezkariek nahi dute herritarrek "zuzenean ezagutzea proiektua", aldatu ezingo duten arren.

Hamar herri bi astetan

Arrasaterekin batera batzarrak egingo dituzte Errenterian, Azpeitian, Tolosan, Irunen, Beasainen, Eibarren, Zarautzen, Donostian eta Hernanin, hilaren 7an hasi eta 18ra bitartean. Diputatu nagusiarekin batera, haren gobernuko bi diputatuk, zuzendari orokorrek eta dagokion bailarako Bilduko batzarkideek hartuko dute parte. Bestalde, bailarako alkate eta zinegotziak ere gonbidatuko dituzte eta baita gainerako alderdietako batzarkideak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak