Maroko garatzen lan egingo du Alecop-ek 10 urtean

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 3a

Debagoieneko enpresek mundura zabaltzen jarraitzen dute, martxa onean. Horretan, mugarri aipagarria ipini du Mondragon Korporazioko Alecop kooperatibak. Izan ere, abuztuan, Marokoko gobernuarekin kontratu garrantzitsu bat lortu zuen, beste herrialde batzuetako eskaintzaileei gailenduta: hain zuzen, Kenitra hirian egongo den automobilgintza industria-parkea kudeatuko du eta hango langile eta ikasleei formazio integrala emango die.

Alecop kooperatibak bere historian lortutako kontratu garrantzitsuena da, eta bere ibilbidean beste aro bat irekitzen du; izan ere, orain arte ikasi dituen trebeziak batera ipini beharko ditu proiektua aurrera eramateko.

Kontratua Mondragon Korporazioak lideratutako kontsortzio batek lortu du. Proiektu integral horren barruan, Mondragonek bazkide gisa ditu Zaragozako Merkatariza Ganbara eta parke horren promotorea, AFZ (Atlantic Free Zone).

Marokoko gobernuak herrialdeko industria garatzeko aurrera eramaten duen Emergence Planaren barruan dago honako ekintza, eta, Mondragon Korporazioaren esanetan, mundu osoan formazio arloan aurten egin diren 10 kontzesio garrantzitsuenen artean dago lortu duen kontratua.

Esperientzia berria

Juan Izeta da Alecop-eko proiektu berrien arduraduna, eta berak azaltzen du proiektu handi horrek zer inplikatuko duen Alecop-endako: "Business model, negozio eredu berria da, eta ez dakigu zenbateraino garen onak eredu horretan. Badakigu behar diren gaitasun nagusiak badauzkagula: asko dakigu ingeniaritza pedagogikoaz, asko dakigu alternantziaz, eta multinazionalekin harremanak izaten ere badakigu; baina, orain, hori dena batera egin behar dugu, orain arte tokatu ez zaiguna".

Juan Izeta, Goiena telebistako platoan.

Hona hemen proiektuaren gaineko zifra batzuk: 2012ko uztailean egongo da bukatuta zentroa, eta Alecop-ek 2019ra arte kudeatuko du; urtero 1.500 pertsona har ditzake zentroak; Alecop-ek Kenitran duen sozietatean 40 kide izango dira, eta Debagoienetik sei bat ingeniari pedagogiko joango dira.
Marokoko gobernuak egingo ditu inbertsio guztiak. Alecop-ek kontzesioz egingo du lan.

Potentzial handia

Maroko goraldian dagoen ekonomia bat da, batez ere automobilgintza arloan. Kenitra esplotatu gabeko lekua da, potentzial handiarekin, Juan Izetaren esanetan: "Marokon, urtero, 15.000 lanpostu sortzen dira automobilgintza sektorean. Lan handiena Tangerren egiten da, logistika arrazoiengatik: Europatik bide motzena da, hango portutik irten eta bi ordura kontainerra Andaluzian dago. Baina Tanger saturatuta dago, eta leku indartsu berria sortu dute. Kenitra da hori".

Han egingo dute Kenitra Automotive City, Alecop-ek gestionatuko duen zentro handia. Kenitra eta Sidi Yahia (Rabatetik, hiriburutik 40 kilometrora) artean egongo da, eta 800 hektarea hartuko ditu. 600 milioi euroko proiektua da, 15.000 lanpostu sortuko ditu eta orduro 30 ibilgailu produzituko ditu; urtean 170.000 egiteko gai izango da. Bi urte eta gero, 400.000 unitate produzitzeko gai izan dadin handituko dute. Marokoren helburua bikoitza da: kanpoko inbertsioak erakartzea eta herrialdeko industria eta eskulangintza azpiegiturak modernitzatzea, horretarako Marokok hazteko duen potentziala, Europarekiko gertu egotea eta langileen trebakuntza eta formazioa aprobetxatuta.
Marokoko L'Economiste egunkariaren arabera, Alemaniako Merkataritza eta Industria Ganbera Marokon egotekoa da azaroaren 18tik 21ra, hango automobilgintza industriak inbertsiorako ematen dizkien aukerak esploratzeko.

Marokoren goraldia hain handia denez, "Afrikako lokomotora" deitu izan diote. African Countries of the Future 2011/2012 Winners delako txostena egin zuen Financial Times egunkariak, eta Maroko lehenengo postuan agertzen zen. Txosten horren arabera, Maroko da Afrikan "etorkizun handiena" duena, ekonomia aldetik. Adituen esanetan, beste herrialde batzuetatik etorritako inbertsioak %8 handitu ziren 2010an, aurreko urtearekin alderatuta, eta bere zonaldean hobera egin zuen herrialde bakarrenetarikoa izan zen.

Nazioartera begira ipini da Maroko, eta datorren hamarkadaraino ailegatzen den estrategia bat diseinatu du, kanpoko inbertsioa erakartzen jarraitzeko.

Orain 10 urte, jauzia

Alecop-endako, Maroko ez da merkatu zeharo berria, baina orain arte ez da bezero handiena izan. Honela dio Juan Izetak: "Esportazioan, gure merkatu handiena betidanik Amerika izan da, batez ere hizkuntzarengatik. Kenitrako proiektuan, frantsesen lehia izan dugu. Orain, ikusiko dugu ze aukera daukagun Frantziako eta Ingalaterrako merkatuetan".

Alecop kooperatibak 45 urteko historia dauka. 60ko hamarkadan Arrasaten sortutako kooperatibetako langileen hezkuntza premiei erantzuteko sortu zen, eta gerora, hezkuntza baliabide integralak ematen espezializatu da. Honako gaietan ematen ditu hezkuntza soluzio horiek: enpresa, ikerkuntza, industria, automobilgintza, energia berriztagarriak, teknologia eta beste batzuk.

Latinoamerika eta Magreb

Urte askoan, Hego Euskal Herrian eta Espainian lan egin zuen Alecop-ek, eta gaur egun liderra da bi merkatu horietan. Kanpoko lehen esperientzia orain 10 urte hasi zuen, Kolonbian. Azken hamarkadan, Latinoamerika bihurtu da Alecopen merkatu garrantzitsuenetako bat. Magreb zona da beste merkatu nabarmen bat, eta Kenitrako proiektuarekin, Alecop-ek bere posizioa indartuko du, eta nazioartean bere sektorean erreferente bihurtzeko aukera ederra izango da.

Juan Izeta Alecopeko proiektu berrien arduradunak hauxe dio: "Latinoamerika eta Magreb (Maroko eta Aljeria) dira momentu honetan Alecopen merkatu naturalak. Horrez gain, Txinan eta Vietnamen ere baditugu operazio batzuk, eta noizean behin beste herrialde batzuetatik ere ailegatzen zaizkigu eskaerak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak