400 profesionaletik gora espero dituzte Bergarako Luzaro psikomotrizitate eskolaren jardunaldietan

Larraitz Zeberio Lekuona 2011ko azaroaren 2a

Azaroaren 4tik 6ra bitartean X. Psikomotrizitate praktikari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen. Haurren osasunean, heziketan eta terapian lanean diharduten profesionalak elkartuko dira bertan.

Haurraren garapena globala da. Lehenengo 7-8 urteetan identitate psikikoa eraikitzeko denbora da eta haurrak adierazpen motrizaren bidez azaltzen ditu bere zailtasunak. Horregatik da hain garrantzitsua haurrari bere historia espazioan proiektatzeko aukera ematea.

Bergarako Luzaro psikomotrizitate eskolak antolatu ditu X. Jardunaldiok. Hainbat aspektu landuko dira bertan; tonua, mugimenduaren sorburua, hezitzaileen eginkizuna... “Gaurko egunean haurren hezkuntzako alorrean ari diren taldeen eskutik eskaera handia dago umeen heltze-prozesuan psikomotrizitateak duen garrantzia ulertzeko eta garatzeko”, adierazi du Luzaro eskolako Nati Sanchezek.

Ikerketa esparru berriak

2005. urtean Bergarako eskolan abiarazitako psikomotrizitate-laguntzaren alorreko prestakuntza modulua nabarmendu du Sanchezek. “Modulu horren bidez, hezkuntzaren esparruan egun premiazkoa den behar bati erantzun zitzaion: “normaltasun”aren esparruan dauden umeak izanda ere, heltze-prozesua modu orekatuan egiteko zailtasunak dituzten umeen beharrei erantzutea. Horrelako umeak eskolaren esparruan hauteman daitezke, eta psikomotrizitate-laguntzako esku-hartze batekin erantzuteko aukera dago”, azaldu du Sanchezek.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak