Zeintzuk dira adindunengan izaten diren zailtasun emozional ohikoenak?
Ohikoa da adindunek antsietatea, urduritasuna, lasaitasunik eza, depresioa, apatia edo ezertarako gogorik eza sufritzea. Gainera, horietako batzuen eraginez, gerta daiteke adindunek gehiegikeriaz kontsumitzea alkohola edo zenbait medikazio. Egoera are gehiago zailtzen da dementziaren bat baldin badu gaixoak. Antsietatea eta depresioa emakumeengan gertatzen dira batez ere.
Horrelako egoerak bizi izateak izugarrizko mina sortzen du, baina nik irmoki sinesten dut ikasteko eta hezteko balio diguten aukerak direla; esperantza horrekin egin behar diegu aurre. Arrazoi horregatik, sufrimenduarekiko errespetutik landu behar ditugu zailtasun emozionalak. Uste sendoa izan behar dugu: minaren kontzientzia dugunean eta maitasunez tratatzen dugunean aldaketa bat gertatzen da; transformazio bat.
Arazo emozionalak ugaritu egin dira azken urteotan adindunengan?
Orain arte, gaixotasun fisikoak beti atenditu izan dira; zailtasun emozionalak, berriz, erabat ahaztu dira, baita gaizki atenditu edo alboratu ere, tabu izateraino. Egun, aldaketa gertatzen ari da jendearengan; sentsibilizazioa handiagoa da eta gero eta gehiago dira arazo psikologikoei aurre egiteko psikologo batengana jotzen dutenak. Hori aurrerapauso garrantzitsua da. Hala ere, adindunengan eskaera txikiagoa izaten da; ez, ordea, diagnostikoa. Horrekin esan nahi dudana da jende nagusi askok sufritzen dituela era bateko edo besteko arazo emozionalak, baina ez direla antzematen edo ez zaiela diagnostiko egokirik egiten. Horren ondorioz, ez dira ondo atendituta egoten.
Zerk eragin ditzake zailtasun emozionalak zaharrengan?
Bakardadea eta bizitzan jasaten dituzten galerak eragile garrantzitsuak izaten dira. Hala ere, beste faktore batzuk ere aintzat hartu behar dira; esaterako: familiaren egoera, estresa, norbanakoaren historia pertsonala eta bere izaera, egoera ezberdinei aurre egiteko duen modua edo egunean bizi dituzten arazo asko
Nola trata ditzakegu?
Kalentura dugunean, medikuarengana joaten gara. Modu berean, emozionalki sufritzen denean, egokiena da profesionalengana joatea: psikologoarengana, psikoterapeutarengana edo psikiatrarengana.
Nola jokatu behar dugu horrelako egoeren aurrean?
Errespetuz. Zailtasun horiek bizi dituzten pertsonei sufrimendu eta inpotentzia handiagoa eragingo dieten mezuak bidaltzea ekidin behar dugu (adibidez, depresioa duen bati animatzeko esatea edo erlaxatu egin behar dela esatea ekidin). Egin behar duguna da aktiboki eta enpatiaz entzun pertsonari; hurbiltasuna adierazi. Baina, batez ere, laguntza profesionala bilatu.
Familiak nola erreakzionatu ohi du?
Erreakzioak askotarikoak izaten dira. Ezjakitasuna eta zergatik gertatzen ari den ez ulertzea –"dena baduzu, ez zenuke horrela egon behar"–, kritika –"hau izorratzeagatik da"–, ukazioa –"hori ez da ezer, ikusiko duzu nola egun batzuk pasatzean hobeto egongo zaren"–; eta baita ardura ere.
Zein arazoren gaineko informazio edo formakuntza eskatzen da gehien?
Mugen eta arauen inguruko hitzaldi asko egin ditut; baita gazteengan azaro emozionalak eta oldarkortasuna ekiditearen gainekoak ere. Adindunek bizi izaten duten depresioa ere asko landu dut.
Uste duzu egun errespetuz tratatzen ditugula zaharrak?
Egungo gizartean gure zaharrekiko errespetu eta jokamolde oneko adibide miresgarriak izaten dira, baina baita kontrako kasuak ere. Batzuetan, beldurragatik-edo, ezkutatu egiten dira eta argi utzi nahi dut tratu-txar fisiko eta emozionalak gaitzetsi egin behar direla. Nik garrantzitsua deritzot eurekiko dugun tratuaren kontzientzia hartzeari, horrela ekidingo genituzke-eta hainbat arazo.
Instituzioen aldetik zerbait egin behar dela uste duzu?
Gauza asko dabiltza egiten (egoitza sozialak sortzen, ekintza sozialak babesten eta sentsibilizazioa lantzen...). Nik neuk sentsibilizazio eta formakuntza kanpainak bultzatzen jarraituko nuke: profesionalendako, familiakoendako eta edadetuendako ere. Eta, noski, osasun emozionaleko profesionalengana heltzea erraztu behar da.