Partidua ondo hasi zen arrasatearrendako. Zazpigarren minuturako 4-2 aurreratu ziren eta ordu laurdena bete orduko bost goleko abantaila hartu zuten (9-4). Bazirudien moretxoek samur irabaziko zutela lehia.
Ford Mugarrik jaurtitzaile onak dituela erakutsi zuen. Isasmendik eta Bernalek egindako golek abantaila eman zien. Bergara nahiko txarto ibili zen defentsan eta kosta egin zitzaien Arrasateko jaurtitzaileak eustea. Lehenengo zatia amaitzean zazpi goleko abantailarekin joan ziren Ane Herreroren mutilak aldageletara.
Bigarrenean, indarberrituta
Bigarren zatia nahasiagoa izan zen. Bergara indarberrituta irten zen kantxara eta Ford Mugarrik hartutako abantaila txikitzeko gauza izan ziren.
Defentsan gogor defendatu zuten Muniategiren mutilek, presio handia egin zieten Arrasatekoei eta modu horretan hainbat baloi lapurtu eta kontraerasoak egiteko aukera izan zuten. Defentsan beste jarrera bat erakutsi zuten mahoneroak eta hor egon zen bigarren zati txukuna egitearen gakoa. Bergara aldea murrizten joan zen heinean Arrasatekoak urduri jarri ziren. 15. minutuan 2-5eko partziala izan zuten mahoneroak alde.
Iturripen ere urduritasuna nagusitu zen eta epaileak hartutako hainbat erabaki protestatu zuten jarraitzaileek.