Aldunditik bidalitako txostenak jasotzen duenez, Gipuzkoako ekonomiak hazkunde tasa ahulak agertzen ditu, nazioarteko egoera zailaren eta produkzio eta kontsumo eredu “jasanezin” baten agortzearen eraginez. Testuinguru horretan, esku hartu beharra dago, egoera horren alderdi negatiboei buelta eman eta garapen ekonomiko eta sozialerako eredu berri baten oinarri irmoak ezartzen joateko.
2007az geroztik, zergen bidezko sarrerak erori dira; gastua, mantendu edo handitu; zorpetze maila, igo –2006ko 270 milioi eurotatik 2011ko 568,2 milioi eurotara–; eta altxortegiko soberakinak jaitsi –339,1 milioi euro 2006an eta 73,5 2010ean–. Joera horrek agerian uzten du presio fiskalaren murrizketan eta azpiegitura handien eraikuntza "azeleratuan" oinarritutako ereduaren "porrota", Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, eta 2012ko aurrekontuak lantzeko orduan aukera tarte txikia izango dela ondorioztatzen du hortik: muga nabarmenak izango direla sarreren eta gastuen ataletan.
Ildo horretan, bi ezaugarri nagusi izango ditu 2012ko egitekoak: zorpetzea kontrolatzea eta gastuaren doikuntza –erabat beharrezkoa ez den guztia alde batera utziz, inbertsio handien egokiera birplanteatuz edota oinarrizko beharrizan sozialak lehenetsiz–.
Foru Aldundia, gainera, zergen bidezko sarreren gehikuntza ahalbidetuko luketen beste ekimen batzuk aurkezten ari da Batzar Nagusietan: ondarearen gaineko zergaren berrezarpena eta PFEZaren erreforma partziala. Edozein kasutan, neurri horiek zerga-bilketan izan dezaketen eragina ez da ziurra eta, horregatik, “zuhur jokatzearren”, ez dira kontuan izan 2012ko aurreikuspenetan.
Lehentasuna: gizartea
Defizita murrizteko bidea urratzen segitzea ezinbestekoa izango da 2013ko ekitaldian aurrekontuen egonkortasunera iristeko. "Gutxiago baino hobeto" gastatzea da helburua eta gizartea izango da aurrekontuaren lehentasuna: gizarte politikako aurrekontua %7,67 hazi da.
Murrizketak egingo dira hainbat esparrutan: publizitate eta propagandan, argitalpenetan, erakusketa eta sariketetan, ekitaldi ofizial eta protokolo kontuetan edota altzari eta lanerako bitartekoetan.
Departamentuen aurrekontua: 679 milioi euro
Aurrekontu osoa: 746 milioi euro izango da eta horietatik 679 departamenduetara bideratuko dira:
- %47,55 gastu sozialerako.
- %7,98 berrikuntzarako eta lurraldearen orekarako.
- %15,90 mugikortasunerako eta bide azpiegituretarako.
- %5,31 ingurumenerako eta lurraldearen antolaketarako.
- %6,85 kultura, gazteria eta kirolerako.
- %16,42 beste arlo batzuetarako.
Jarduketa nagusiak
- Lurraldearen garapenerako eta kohesiorako ekimenak sustatzea.
- Herritarren partaidetza sustatzea.
- Euskararen erabilera soziala sustatzea eta udalak eta gainerako erakundeak lankide izatea euskararen normalizazioaren aldeko ahaleginean.
- 2012-2015 Berdintasunerako II. Foru Plana diseinatzea.
- Aniztasuna kohesionatzeko lan egitea.
- Partaidetza foroak bultzatzea eta gizarteari Diputazioaren jardueren eta politiken berri ematea.
- Giza Eskubideen Institutua sortzea eta memoria historikoa berreskuratzea.
- Ondare historiko-artistikoaren kontserbazioa.
- Kirol federazioei, tokiko erakundeei, kirol klubei eta, oro har, kirol jarduerei laguntzea.
- Desgaitasuna duten pertsonak zaintzea.
- Adineko mendekoei laguntzea.
- Gizarte bazterkeria jasateko arriskuan daudenentzat baliabide berriak sortzea.
- Gizarteratzea erraztu eta enplegua sortzea.
- Iruzurraren aurkako borroka sustatzea.
- Nekazaritza eta ingurumeneko politika aktiboak abiaraztea.
- Gipuzkoa kanpoan nabarmentzen laguntzea.
- Arantzazuko saneamendu lanak amaitzea.
- Hondakinen arloko programak sortzea eta jarraitzea (prebentzioa eta minimizazioa, konpostajea, birziklatzeko lerro berriak…).
- Txartel Bakarraren onuradun kopurua handitzea eta beste zerbitzu eta garraiobide batzuk Txartel Bakarrean sartzeko prozesuarekin jarraitzea.
- Bidegorri zati berriak egin eta mantentzea.
- Errepide sarea egoera onean mantentzea.
Onarpena, abenduaren 23an
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspena da 2012ko aurrekontua abenduaren 23ko batzarrean onartzea. Ahaldun nagusiak gonbitea luzatu die alderdi politikoei, aurrekontu proposamena eta Bilduk ezarri gura duen eredua aztertu ditzaten.