Ekitaldi xume baina hunkigarrian ospatu du 25.urteurrena Espainiako Lan Elkartuko kooperatiben konfederazioak, COCETAk. Arrasaten eginiko ekitaldira Estatuko askotariko kooperatibetako ordezkariak gerturatu dira, baita Arrasateko esperientzia abian jarri zuten pertsonak ere. Era berean, Kooperatiben Nazioarteko Aliantzako presidentea ere ekitaldian izan da.
Pauline Green-ek COCETAko eta MONDRAGONeko erakundeak txalotu ditu, eta esperientzia kooperatiboak 2012an izan behar duen garrantziaz aritu da. Izan ere, datorren urtean ospatuko da Kooperatiben Nazioarteko urtea. MONDRAGON korporazioaren gainean galdetuta, Green-ek adierazi du Arrasateko esperientzia mundu osoan dela erreferentzia handia.
Sarituak
MONDRAGONek bezalaxe, beste erakunde eta pertsona batzuek ere jaso dituzte sari eta onarpenak. Kooperatiben Nazioarteko Aliantzak; Murtziako Gobernuko presidente Ramón Luis Valcarcel-ek; Javier Salaberriak; Juan José Barrera Lan Ministerioko zuzendari orokorrak; eta Victor Forgas, COCETAko presidente ohiak. Guztiek kooperatiben sustapenean egindako lanagatik jaso dute onarpena.
Aipatzekoak, baita ere, José María Aldecoa MONDRAGONeko presidenteak eta Gema Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak esandakoak. Biek ala biek, etorkizuneko modelo sozio-ekonomikoen haritik, aipatu dute modelo kooperatiboa aintzat hartu beharko dutela administrazio eta mandatariek. Bukatzeko, Pauline Green-ek gogoratu du urriaren 31n, New York-en, Nazioarteko Kooperatiben Urteko ekitaldia nagusiak aurkeztuko direla. MONDRAGONeko ordezkariak ere New York-eko ekitaldian izango dira astelehenean.