Haizea garizumakoa aurreko diskoaren birako sasoian konposatu zituen disko berrirako kantuak. Eta, behin abestiak prest, aurten grabatu ditu Brooklyn-en. Nahasketak, Elkarren egin ditu. Masterra, Jonan Ordorika anaiak grabatu du, azkenaldiko Ordorikaren diskoak bezala. Modu analogikoan eta zuzenean grabatu ditu abestiok, hau da, musikari guztiek batera jotzen estudioan.
Soinu berria
Kantu berriak diskoan gauzatzerakoan, sonoritate eta testura berezien mugak haratago garatzeko erronkan, New Yorkeko bideari ekin dio Ordorikak, beste behin. Musikari-lagun handiekin jotzeko ohiturari eutsiz. Eta, behin etxeko lanak eginda, hara joan eta diskoko kantuak grabatu ditu. Hauek izan ditu bidelagun: Steve Ulrich, Skuli Sverrisson, Kenny Wollesen eta Ben Monder.
Ben Monder gitarra jotzaileak, halere, hiru abestitan bakarrik jo du oraingoan; gainerakoetan, Steve Ulrich-ek. Horrek beste soinu bat eman die abestiei, aurrekoen ezberdina.
Mugalarien laguntza ere izan du, ordea, oraingoan ere, ukitu berezia emanez diskoari.
Ruper Ordorikaren ibilbide gero eta aberatsagoan, oinarrizko ditugu kantuarekiko maitasun, gustu eta exijentzia, ofizioarekiko leialtasun eta atxikimendua. Guztia bere estilo berezi horretan mamitua: herri-kantuaren oihartzunez eta hiri usain eta rock taupadaz iristen zaiguna.
Elgetan abenduaren 11n
Ruper Ordorikak abenduaren 11n, domekan, joko du Elgetan, Espaloian. Diskoa kaleratu eta zuzeneko bigarren emanaldia izango da, Gasteizko Jimmy jazzekoaren ostean. Debagoienean, lehena.
Hauxe kontzertu sorta:
- Abenduak 1: Gasteiz, Jimmy jazz.
- Abenduak 11: Elgeta, Espaloia.
- Abenduak 23: Bilbo, Kafe Antzokia.
- Abenduak 29: Donostia, Victoria Eugenia.
- Urtarrilak 7: Durango. Plateruena.
- Urtarrilak 14: Zarautz. Lizardi.
