Greziak ez du zorraren erdia ordaindu beharko

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 27a

Greziak ez du ordaindu beharko daukan kanpo-zorraren erdia. Hala erabaki zuten atzo batzartutako Europako Batasuneko agintariek eta bankuek. Hamar orduko batzarrean, Greziaren bigarren erreskatearen zutabeak adostu zituzten.

Akordioaren beste ardatzak hauek dira: Greziari laguntzeko diru gehiago ipintzea (bilioi bat euroko fondoa izango da) eta bankuen berkapitalizazioa.

Batzarraren berri eman dute gaur mundu osoko komunikabideek. Batzar horretan izan ziren Europako Batasuneko estatuetako buruak, estatuetako bankuetako buruak eta Nazioarteko Diru Funtsekoak. Helburua zen, Greziako krisia baretzearekin bat, Euro moneta arriskutik ateratzea.

Banka pribatuak onartu egin zuen bonuetan dituen inbertsioak erdira txikitzea, eta modu horretan Greziaren zorretik 100.000 milioi euro kentzea. Horrela, Greziak 2020rako duen zorra bere Barne Produktu Gordinaren %120 da, lehen zeukan %160ren partez.

 

Horrekin batera, Europako Batasunak kreditu hobeak eskainiko dizkio sektore pribatuari. 30.000 milioi euroko kredituak izango dira.

Erreskate-fondo handiagoa

Horrez guztiaz gain, batzartutako agintariak ados ipini ziren Europako Finantza-Egonkortasunerako Fondoa indartzeko. Iaz, 440.000 milioiko fondoa zen hori, eta bilioi bat eurotara handitzen joatea erabaki zuten liderrek.

Azkenik, banka pribatuari berme handiagoak eskatzea onartu zuten. Europako banku pribatuek 106.000 milioiko kapitala bermatu beharko dute, eta hortik 26.000 milioi Hego Euskal Herriko eta Espainiako bankuei dagokie. Helburua da bankuek krisiari aurre egiteko gai izango direla ziurtatzea. Horretarako, 2012ko ekainaren 30erako, bankuek euren kapitalaren %9 kalitatezkoa izatea lortu beharko dute, Europako liderrek eskatu bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak