Foru Aldundiak aurrekontua %25 murriztuko du datorren urtean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 26a

Gipuzkoako Foru Aldundia azken ukituak ematen dabil datorren urteko aurrekontuari. Oraingo astean aurkeztuko dute, Batzar Nagusietan eztabaidatzeko. Baina, dagoeneko aurreratu dute, Larraitz Ugarte bozeramailearen ahotik, aurrekontuak murrizketa garrantzitsua izango duela, %25ekoa, hain justu ere, aurtengoarekiko, eta 600 milioi pasakoa izango dela; aurtengoa, 839 milioi eurokoa da.

Azkeneko urteotako txikiena izango da datorren urteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua. 600 milioi euro pasakoa izango da. Aurrekontuaren zirriborroa prest dute eta oraingo astean aurkeztu nahi du Bilduk. "Zorra murriztea eta gehiago ez zorpetzea" helburu izango du 2012ko aurrekontuak. Aurrekontu "doiak eta errealak" izango dira Ugarte bozeramaileak aurreratu duenez. Eta gastu sozialari emango zaio lehentasuna, milioikako inbertsioak baztertuko direlarik.

Azkeneko lau urteotako Foru Aldundiaren aurrekontuak hemen:

  • 2008: 786 milioi euro.
  • 2009: 895 milioi euro.
  • 2010: 904 milioi euro.
  • 2011: 839 milioi euro.
  • 2012: 600 milioi euro (aurreikuspena).

Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako diputatua ere bada eta lurraldeko errepideen, bidesarien eta, krisiagatik albo atera utzi dituzten, inbertsioen gainean ere jardun du.

Bidegik, lurraldeko autobideak kudeatzen dituen erakundeak, 900 milioi euroko zorra du, besteak beste, azkeneko urteotan Gipuzkoan egin dituzten autobide berriak egiteko zorpetu delako. 1.200 euroko inbertsioa egin du azkeneko urteotan, beste batzuen artean AP-1 autobidea amaitzeko eta Donostiako Ingurabidea egiteko.

Orain, Foru Aldundiaren helburua da gehiago ez zorpetzea eta zorra murriztea. Horregatik, hainbat proiektu, albo batera utzi edo berraztertuko dituzte.

Deskargak lehentasuna

Proiektu horien artean daude, Beasain-Durango errepide ardatzari dagokion Gipuzkoako azken zatiko Bergara-Antzuola tramua (71.515.000 euro), Antzuolako Sagastiko biribila (700.000 euro) edota Elgetako saihesbidea (11.500.000euro). 25 proiektu dira, guztira, gehienak, bigarren mailako errepideenak, saihesbideak eta abar.

Edozelan ere, Deskargako tunelari eta Zumarraga-Bergara tarteari "lehentasuna" eman nahi diotela adierazi du Larraitz Ugartek eta, besteak beste, esan du Zarautzeko saihesbidea, oraingoz, baztertuko dutela, horrek, EAJren haserrea eragin duelarik. Hain justu ere, jeltzaleek, errepideak egiteko proiektuak atzeratzearen gaineko iritzia eman dute egunotan.

Bidesarien tarifak aldatu

Ugartek aurreratu du, bestalde, bidesarien tarifak zehazteko modua aldatu nahi duela Diputazioak. Modu horretan, diru gehiago jaso nahi dute. Eta, hala, kilometroka kalkulatu beharrean tarifak, tramuka egin nahi dute, tarte laburrak garestituz eta bidai luzeagoak merkatuz.

Horretaz gain, AP-1 autobidera, bereziki, baina baita A-8ra trafikoa bideratzeko eta N-1eko trafiko gehiegizkoa murrizteko, zerbitzuguneak ezarri nahi dituzte autobideetan eta epe laburrera biñeta soziala deritzona ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak