Gazte Ekoliderrak programan parte hartzeko epea astelehenean amaituko da

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 26a

Gazte Ekoliderrak egitasmo arrakastatsuan parte hartzeko izen emate epea irekita dago. Urriaren 31n, astelehenean, itxiko da. Hirugarren urtez antolatu dute aurten. Kutxa Ekoguneak jasangarritasun gaietan "hitzetatik ekintzetara igaro nahi duten gazteei" urtebeteko formazioa eskaintzen die, horretarako hainbat proiektu eta ekintza aurrera ateratzeko baliabideak eta babesa emanez.

 Gazte Ekoliderrak ekimena Kutxa Ekoguneak bultzatutako proiektua da. Izen emateak %80an finantzatuz. 19-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bere baitan gazte formatu eta aktibo baten sarea osatzea du helburu, "talde lidergoa eta lurraren zaintza" bultzatuko dituen talde bat osatuz Kutxatik adierazi dutenez. Azken urteetan, trebakuntza honetan 63 gaztek parte hartu dute.

Dagoeneko edizio berrian sartu nahi duten kideak elkarrizketatzen ari dira Kutxa Ekogunean eta izen emateko aukera zabalik izango da urriaren 31ra arte, Gazte Ekoliderren webgunean.

Horretaz gain, formazio honek proiektuak aurrera zela atera ikasteko aukera eskaintzen du, hauen bideragarritasuna aztertuz eta aurrera ateratzeko baliabideak eskainiz.

Eta gero?

Behin Ekoliderren sarearen partaide izanik, hainbat ekimen eta proiektutan aktiboki parte hartzeko aukera izango da. Esate baterako, datorren hilean habiak kokatuko dira Gipuzkoako hainbat natur parketan. Ekintza hau azaroaren 5ean hasiko da, Aizkorriko natur parkean eta hilabetez luzatuko da Gipuzkoako beste parkeetan zehar.

Gaur egungo basoen kudeaketa-sistemak gure basoetan kabi gutxiago egitea eragiten du. Hau dela eta, ekimen honek egoera honi aurre egitea du helburu, 100 habien kokapena gauzatuz. Ondoren, egindako lanaren jarraipena egingo da, izandako eraginkortasuna neurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak