Debagoieneko odolostea eta onddoak protagonista IX. Jardunaldi Gastronomikoetan

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 26a

Berrikuntza moduan, Bergarako Larrañaga, Mujika eta Raizabal gozodendek prestatzen dituzten erreileno eta tostoiak dastatzeko jardunaldia antolatu dute azaroaren 19rako.

Debagoieneko odolosteak eta onddoak izango dira IX. jardunaldi gastronomikoetako menuek komunean izango dituzten jakiak. Urriaren 28tik abenduaren 11ra izango dira eta ohi bezala, Debagoieneko kultura, sukaldaritza eta jakiak ezagutzera emateko aukera paregabea eskainiko dute.

Menuak bederatzi jatetxetan

Parte hartuko duten jatetxeek –Arrasateko Hilarion, Hamalau eta Santa Ana; Bergarako Lasa eta Zumelaga; Elgetako Maialde Hotela; eta Oñatiko Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluze– odoloste eta onddoz egindako menu bereziak eskainiko dituzte: bi lehen plater, bi bigarren plater, postrea, edateko txakolina, Cruzcampo Gran Reserva garagardoa, sagardoa edo ardo ondua eta La Brasileña kafea eskainiko dute. Menuok prezio berezia izango dute.
Bestalde, jatetxe bakoitzeko plateretako bat Cruzcampo Gran Reservarekin egindakoa izango da. Hain justu, etxe horrek eta La Brasilela kafeak babesten dituzte jardunaldiok eta garagardo eta kafe dastatzeak ere antolatu dituzte.

Bergarako erreileno eta tostoiak

Jardunaldion beste berrikuntza bat da Bergarako erreileno eta tostoiak era artisauan latzen dituzten Larrañaga, Mujika eta Raizabal gozodenden produktuok ezagutzera emateko aurkezpen-dastatzea antolatu dutela hilaren 19rako, 18:00etan, Bergarako Munibe plazan.

Eskaintza turistikoa

Eskaintza gastronomikoarekin batera, bailarako eskaintza turistikoa ezagutzeko hainbat aukera ere proposatu dituzte, hala nola, Arrikrutzeko kobak, Arantzazuko Santutegia, Leintz Gatzagako Gatz Museoa...

Jardunaldietako egitaraa osoa eta menua www.turismodebagoiena.com helbidean kontsulta dautezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak