Euskadik inauguratuko du bihar turismoaren gaineko nazioarteko jardunaldi bat

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 26a

Hainbat herrialdeko turismo-sektoreko 200 ordezkarik baino gehiagok parte hartuko dute Eskualde Turismoaren Neurketari eta Azterketa Teknikoari buruzko Nazioarteko II. Konferentzian. Bihar inauguratuko dute Bilbon Merkataritza eta Turismo sailburuorde Pilar Zorrillak; Turismo Azterlanen Institutuko zuzendari Vicente Monfortek; Turismoaren Mundu Elkarteko lehiakortasuneko, kanpo-harremanetako eta elkartekideetako zuzendari exekutibo Marcio Favillak; eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez (Basquetour), Espainiako Turismo eta Barne Merkataritzako Idazkaritza Nagusiak eta Turismoaren Mundu Elkarteak (TME) parte hartuko dute Konferentziaren bigarren edizioan, Bilboko Euskalduna Jauregian, bihar hasi eta zapatura arte.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak Marcando tendencias en el País Vasco: Sistema Inteligente de Turismo izeneko ponentzia aurkeztuko du bihar. Irailaren hasieran Sailak Turismoaren Euskal Behatokia jarri zuen abian, eta Pilar Zorrillak ekimen horren garrantzia azalduko du ponentziaren esparruan. "Une arrakastatsua" da Euskadiko turismoarendako, Sailaren hitzetan: Euskadik 27 hilabete daramatza hazten etengabe turisten sarrerei dagokienez, eta sektoreak, behatoki berriari esker, bidaiarien portaerak atzemateko aukera izango du, turismo politikak bideratzeko eta erabaki egokiak hartzeko.

Ikuspuntu azpinazionala: eskualdeak

Konferentziaren asmoa zera da: turismoaren sektoreko adituen, profesionalen, enpresen eta erakundeen artean jakintza trukatzeko eta hainbat gai garrantzitsuren inguruan ikuspuntu azpinazional batetik hausnartzeko foro bat izatea. Hiru gai nagusi eztabaidatuko dira konferentzian: helmuga turistikoen ahalmen ekonomikoa maximizatuko duten politikak; eskualde-turismoko agenteak ahalduntzeko berrikuntza eta teknologia berriak; eta eskualdeko turismoaren, mugikortasunaren eta ekonomiaren arteko loturei aplikatutako ikerketak.

Hainbat herrialdeko (Espainia, Estonia, Argentina, Italia, Erresuma Batua, Mexiko eta abar) hainbat eremu eta erakundetako (unibertsitateak, turismo-behatokia, Cicturgune, Eustat, turismo-azterlanen institutuak eta abar) turismo-adituek parte hartuko dute konferentzian. Gainera, beste hainbat herrialdeko (Hego Afrika, Italia, Uruguai, Txekiar Errepublika, AEB, Japonia, Kamerun, Albania eta Dominikar Errepublika, besteak beste) turismo-sektoreko zenbait eremutako 200 interesdunek baino gehiagok izena eman dute konferentzian parte hartzeko.

Konferentziarekin lotutako gai guztietarako erreferentziazko Interneteko webgunea http://www.inroutenetwork.org/conference/es/ izango da; bertan programa kontsulta daiteke, baita gainerako informazio garrantzitsua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak