Saskibaloi eskola bateratua, Debagoieneko harrobiaz baratze lana egitera

Xabier Urtzelai 2011ko urriaren 25a

Lehenengo Goiena Telebistako Harmailatik saioan, ondoren Monte tabernan egindako aurkezpenean, Debagoienean saskibaloi eskola bateratuaren alde buru-belarri dabiltza ibarreko klubetako ordezkariak, eta Jon Basurkok, Josu Larreategik eta Alex Gardokik atzo azaldu zituzten proiektu horren xehetasunak.

Arrasate, Bergara eta Oñatiko saskibaloi klubek batera eskaini nahi dute saskibaloi eskola. Asmoa da Josu Larreategik koordinatzea eskola horiek, oinarrizko saskibaloian esperientzia handia duen gizona: "Helburua hemengo neska-mutikoak saskibaloira erakartzea da, eta saskibaloiaz gain gaur egun galdutzat ditugun hainbat balore errekuperatzeko egingo dugu lan, talde lanean jardutea, errespetuz jokatzea...". Klub gehienetan ikasturte honetan hasiko dira saskibaloi eskolarekin lanean; Bergaran iaz hasi ziren horretan, eta 30 neska-mutikoko talde polita sortu zuten. Arrasaten, berriz, teknifikazio saioak egin dituzte gazteekin, baina aurten hasiko dira eskolarekin. Hala, proiektuaren muina guztien arteko elkarlana sustatzea izango da, harrobiaren esparrua hobeto lantzeko.

Azpeitia, eredu

Jon Basurkok saioan azpimarratu zuten Azpeitia izan daitekeela jarraitzeko moduko eredua: "Gazteekin lan ona eginda kluba dagoen tokiraino eraman dute, eta ikustekoa da herrian ze jarraipen duten. Ez da gure ibarreko edozein herri bano handiagoa, eta hango modeloa eredugarria izan daiteke". Gauzak horrela, urrian hasi eta ekainera arte egingo dute saskibaloi eskola: "Asteroko entrenamenduak Josu Larreategik koordinatuko ditu, baina herri bakoitzak monitore propioak izango ditu. Hala, asteroko entrenamendu saioekin batera, "teknifikazio saioak, hirunako saskibaloi torneoak, beste klub batzuekin lagunartekoak, gaztetxoekin egonaldiak... gauza asko egiteko aukera ematen du".

Entrenatzaile prestatuenak, gaztetxoekin lan egitera

Saskibaloi eskolan euskara izango da oinarrizko erremintetako bat, eta hau guztia gauzatzeko tituludun monitoreak izango dituzte: "Izan ere, hori da saskibaloi eskolaren beste helburuetako bat, ondo prestatutako monitore eta teknikariak heztea. Izan ere, orain arte egin denaren kontrara, entrenatzaile onenek ez dute goiko taldeekin egon behar, eta bai gaztetxoenekin lanean".

Non, noiz eta nola

Hala, herri bakoitzak modu ezberdinean antolatuko du saskibaloi-eskola, eta ordutegi eta informazio gehiago behar izanez gero nahikoa da klub horietako ordezkariengana jotzea. Arrasateren kasuan, 2002 eta 2003 urteen artean jaiotako benjaminek astelehenetan izango dute hitzordua.  Entrenamenduak Musakolako kiroldegian izango dira,  (17:15-19:00).  2000 eta 2001 urte artekoek asteazkenero izango dituzte entrenamenduak Iturripen (17:45-19:00).  Infantilek (1998-1999), astelehenero entrenatuko dute (19:30-20:30).

Jakin, Arrasaten saio hauetan parte hartzeko derrigorrezkoa dela Leintz Eskola Kirolean izena emanda egotea.  Eta gainontzeko herrietan ez bezala, Arrasaten saio horiek mutilei bideratuta daude, emakumezkoendako saskibaloi eskola Eskoriatzako klubak eskaintzen duelako.

Bergararen kasuan talde guztiek egubakoitzetan entrenatuko dute (17:15 eta 18:30) Martinez Irala ikastolan: "Izena eman nahi duenak entrenamendu saio batera joatea baino ez du. Bestela, jar dadila klubeko edonorekin harremanetan", adierazi zuen Gardokik.  Oñatiri dagokionez, hemen saioak astearte edo ostiraletan izango dira, betiere sortu litezkeen taldeen beharren arabera, Larrañaga Herri Ikastola (ETEO ohia), 17:00etatik 19:00etara.

Eskoriatzaren kasuan, kluba emakumezkoen saskibaloiarekin lotzen dugu, eta 15 urte daramate horretan lanean. Eskoriatzan saskibaloi eskola proiektu propioa izango dute oraingoz, eta Jota Etxeberria izango da koordinatzailea. Hala, dagoeneko hasi dira emakumezkoen topaketak egiten, domeketan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak