1. Zer pentsatu zenuen pertika bat hartu zenuen lehen aldian?
Oso dibertigarria izan behar zuela. Ikastolan izan zen, entrenatzen ari ginela. Pertika zahar bat zegoen, eta orduan entrenatzaile zenaren laguntza handiarekin egin nuen jauzi.
2. Hainbestetan irabazita, ilusio bera egiten du lehenengo Espainiako txapelketak eta azkenak?
Berdin-berdina ez, baina egiten du ilusioa. Egia da, baina, lehenengo aldia lehenengoa dela. Hori bai, iaz ez nuen irabazi eta sekulako amorrua eman zidan!
3. Azken lau urteetan zeurea izan da Espainiako errekorra. Norbaitek gainditzeko beldur?
Ez, beldur ez, baina gerta daiteke egunen baten norbaitek gainditzea. Gainditzen dutenean zer? Telefonoa hartu eta zoriondu egin beharko dut.
4. Senarra entrenatzailea duzu. Zaila da pistakoak pistan uztea?
Ezinezkoa, poztasunak eta haserreak, denak eroaten dira etxera. Kontua da gauzei neurria hartzea. Egia da gauzak ondo doazenean gaizki doazenean baino errazagoa dela; baina ikasi egiten da.
5. Minaz beraz gain, zer da lesio garaietako gauza txarrena?
Mina ez, okerrena da nahi duzuna ezin egitea; ikustea prestaketarako zerbait egiten egon behar duzula, baina duzun horrek ez dizula uzten.
6. Atenasen eta Pekinen egon zinen. Londresen ikusiko zaitugu?
Horretarako nabil buru-belarri lanean. Ilusio berezia egiten didate Olinpiar Joko horiek: bi urte hauek oso txarrak izan dira, ez da besteetan bezala izango. Joaten banaiz, lorpen handia izango da.
7. Hiri Olinpiarrean edo Goenkale-ko platoan, non giro hobea??
Ezin dira alderatu. Kaxkarra bada ere, Olinpiar Jokoetan dagoelako bakarrik, Hiri Olinpiarrak xarma du. Baina Goenkale-ko platoak ere badu berea. Aukeratzekotan, Hiri Olinpiarra, lau urtetik behin bakarrik dagoelako.
8. Goenkale-z ari garela, aspaldian ez zaitugu Arralden ikusi...
Bai, baina bueltatuko naiz berriz ere Gironatik. Aktore lanek atletismotik deskonektatzeko balio didate; baina beste kontzentrazio bat ere eskatzen dute.
9. Ingurumen Zientziak ikasita, inoiz ikusiko zaitugu horretan?
Ez dut baztertzen. Txikitatik gustatu izan zaizkit ingurumena zaintzea eta ingurumenarekin lotutako kontuak. Egun ere kolaboratzen dut horrelakoetan.
10. Jatetxeetako menuetan, gauza askori esaten diezu ezetz?
Noizbehinka ez dago arazorik; baina konpetizio garaian, bai: gozokiei, kroketei... Hala ere, zoritxarrez, nire gorputza ez da berezkoa eta pisua mantentzeko zaindu beharra dut.
Gozoei, kroketei... egin behar izaten diet muzin.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Orokorrean, mundua konpondu eta berdintasunaren alde egingo nuke: gu oso ondo bizi gara eta munduko biztanleriaren zati handiena oso gaizki. Utopia da, baina egonkortasun baten barruan denak pozik bizi izatea gurako nuke".