Halaxe eskatu diote Jaurlaritzari euskal ostalariek. Aspaldiko asmoa da ordutegi horiek luzatzea, baina zaila izan da alde guztiak –ostalariak eta, horien barruan, kategoria desberdinetako lokalen jabeak; bestetik, bizilagunak, batez ere hirietan, elkarteetan batuta…– ados ipintzea. Azkenean, badirudi lortu egin dela eta aspaldiko eskaera hori bete egingo dela.
Edozein modutan, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko zuzendaritzako kide Antton Elortza tabernari oñatiarraren esanetan, "zerbait aldatu daiteke, bizilagun elkarte batzuek elegiteak aurkeztu dituztelako eta dekretua bukatuta ez dagoelako. Baina, gutxi gorabehera, hemendik joko duela uste dugu: astean bi egunetan, ordu bete beranduago itxiko dugu, eta, aste barruan, ordu erdi beranduago".
Tabakoaren Legearen ordaina
Gaur egun, ostalaritza establezimenduek duten ordutegia 1997ko dekretu batek erregulatzen du. Egon dira berau eguneratzeko saiakerak, orain azkenekoa 2010eko otsailekoa. Eusko Legebiltzarrean Aralar ez beste alderdi guztien babesa zuen, baina Eudel udalen elkarteak galarazi egin zuen hark aurrera egitea. 2008an beste ahalegin bat egon zen, baina hura ere bertan behera geratu zen, kasu horretan bizilagunen elkarteen blokeoarengatik. Hori guztia dela eta, Bizkaiko ostalarien presidente Angel Gagok esan du "bi urteko atzerapenarekin" datorrela dekretua.
Ostalariek presa dute dekretua onar dadin; hala, Bilboko ostalariek irailean eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari dekretua Gabonetara aurreratu zezan, eta Udalak apirilean esan zuen ostalariak babestuko zituela. Izan ere, Euskadiko ostalaritza elkarteen arabera, 2011 urte txarra izan da. Krisi ekonomikoaz gain, jendearen ohiturak aldatu egin dira, Antton Elortzak esaten duen moduan: "Orain, jendeak beranduago irteten du kalera; lehen 22:30ean irteten zuenak, orain beharbada gauerdian irteten du; eta, jakina, 03:00etan kalean dabilenak tabernak zabalik gura ditu".
Bestalde, tabernetan erretzeko debekuaren urtea izan da, eta horrek ere eragin egin die ostalariei. Hain zuzen, modu baten, "Tabakoaren Legearen eragina konpentsatzera" dator ordutegi berria, Elortzak dioskunez.
Tabakoaren Legearen eraginez ere, taberna kanpoan edo terrazan egoteko ohitura handiagoa dago orain. 1997ko dekretuak debekatu egiten du lokaletik kanpo edariak hartzea 22:00etatik aurrera, udalek emandako baimenek eta lizentziek esaten dutenaz aparte. Dekretu berriak, duda barik, hori ere erregulatuko du berriz.

Udalek, ahalmen handiagoa
Bizilagunen elkarte batzuek elegiteak ipini dizkiote dekretu zirriborroari; hala ere, oraingoan badirudi ez diotela dekretuari oztoporik ipiniko. Arazo handienak hiriburuetan sortzen dira; hala, Bilboko Abando eta Indautxuko bizilagunen elkarteek baldintza gisa ipini dute hiritarroi "trabarik" ez dadila sortu, eta udalak eta ostalariak izan behar direla legea "oso zorrotz" betetzen dutenak. Debagoienean ez dago halako elkarterik, ez eta hiri baten egon daitezkeen talkak herritarren eta tabernen edo haien bezeroen artean; are gehiago, Antton Elortzaren esanetan, bizilagunekin ere egon dira ostalarien elkarteak, irizpideak bateratzeko.
Beste alderdi inplikatua udalak dira. Dekretua indarrean ipintzen denean, urtarril inguruan, eta aurreikuspenak betetzen badira, udalek ahalmen handiagoa izango dute ostalariei baimen bereziak emateko. Gaur egun, 1997ko dekretuaren arabera, ostalaritza establezimenduek bi ordu beranduago itxi ditzakete ateak herriko jaietan, Aste Santuko eguenetik astelehenera, Aratusteetako eguenetik martitzenera eta, Gabonetan, abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra arte; baina ez bakarrik kasu horietan. Hala, udalek, urtero, gehienez 10 egunetan eman dezakete beranduago ixteko baimen berezia. Dekretu berriarekin eskumen handiagoak izango dituzte, baina, horrekin batera, erantzukizun handiagoa ere izango dute dekretua betearazten eta kaleko ordena eta bizikidetza ziurtatzen.
Kasu larri bat Arrasaten
Indarrean daroan dekretua betetzen dela udalek bermatzen dute gaur egun. Debagoieneko herri gehienetan, udal ordenantzak daude araua herrira egokitzeko.
Kexarik edo arazo handirik baldin badago, udaltzainengana jotzen dute bizilagunek. Debagoienean ez da aparteko arazorik egoten, normalean, eta udaltzain buru gehienek esaten dute "ahozko kexak" edo "kaleko komentarioak" izaten direla, baina idatzizko kexa gutxi. Egon izan dira kasu batzuk, ordea: esaterako, Arrasateko Zarugalde kaleko taberna batekin oso haserre zeuden bizilagunak: zarata handiak eta behin eta berriz ixteko ordua ez errespetatzea salatu zuten. Azkenean, 2008ko apirilean, tabernaren jarduera eteteko agindua eman zuen alkateak. Besteak beste, 00:30ean itxi beharrean, 05:30ean ixtea frogatuta zegoen, baina 07:00etan, 08:00etan… oraindik zabalik ere egoten zela kexatu ziren inguruko bizilagunak.

Horren larriak ez diren kasuetan, udaltzainek ohartaraztea nahikoa izaten da.
Establezimenduek ixteko ordutegia luzatzen badute ere, berdin-berdin jarraitu beharko dute bizikidetza errespetatzen eta zarata maila kontrolatzen.