Frogak froga eta ikerketak ikerketa, debate zientifikoa ez da baretu. Izan ere, Osasunerako Mundu Erakundearen mendeko den agentzia batek ekainean esan zuen baietz, balitekeela loturarik egotea eta OME-ak balizko minbizi-eragileen zerrendan sartu du sakelakoen erabilera. Halere, agentziak berak, ekainean kaleratutako agirian dio ikertzen jarraitu behar dutela ondorio garbiak izateko.
British Medical Journal agerkariak eman du ikerketaren berri eta 1996tik 2007ra egin diete erabiltzaileei jarraipena. Telefonia mugikorreko kontratua izan duten 350.000 lagunen datuak konparatu dituzte kontraturik gabekoekin eta Danimarkako Minbiziaren Erregistroko datuekin gurutzatu. Ondorioa izan da bi taldeetan (kontratudunak eta barikoak), minbizi arriskua berdina izan dela. Ikerketa hori ere ez da definitibotzat jotzen baina argi uzten du behintzat datozen urteetan garuneko minbizi kasuek ez dutela modu ikusgarrian gora egingo, ikerketan kontuan hartutako urteak ikusita, dagoeneko gora egiten hasi beharko bailuke gaixo kopuruak.
Gainera ikerketarako soilik kontuan hartu da erabiltzaileak kontratua izatea, ez telefonoa zenbat erabiltzen duen. Pisuzko argumentua izan daiteke, baina inondik inora eztabaida ixteko adinakoa.