Industriako Fabrikazio eta Ekoizpen Teknologietan espezializatutako Ideko-IK4 zentro teknologikoa, hilabeteotan, 25. urteurrena ari da ospatzen, eta 2.0 komunikazioa indartu du horren aitzakiarekin. Izan ere, webgune berri eta modernoa estreinatzeaz gain, sare sozialetan sartu da bete-betean.
Horrez gain, bi ekitaldi garrantzitsu antolatu ditu, eta lehenengoa Garaia Berrikuntza Gunean izango da: teknologiaren haritik, hilaren 27 eta 28an zientzia-jardunaldiak egingo dituzte, eta "mundu akademikoan zein enpresa-munduan ospe handia duten nazioarteko adituak ere izango dira", esaten du Idekok. Hizlariek mekatronikaren eta fabrikazio-prozesuaren munduan dauden ezagutzak eta joera eta aplikazio berriak ezagutzeko aukera eskainiko dute.
Bigarren ekitaldia abenduaren 14an ospatuko da erakundeekin batera Elgoibarko instalazioetan. Bertan, Patxi Lopez lehendakaria buru dela, Ideko-IK4 zentroaren historian protagonista izan diren erakunde publiko, bezero eta hainbat kolaboratzaile elkartuko dira.
Ekitaldi horiek guztiak eta baita berri gehiago ere, inauguratu berri diren 2.0 plataformen bidez jarraitu ahal izango dira.
Makina-erreminta sektorean
Ideko-IK4 zentroa 1986an sortu zen, makina-erremintan buru diren enpresen politika teknologikoa koordinatu eta planifikatzeko asmoz. Ordutik, "etengabe zabaldu da, nazio mailako zein nazioarteko proiektuetan buru gisa jardunez, instalazioak handituz, laborategi berriak irekiz edo lantaldean, geroz eta ezagutza maila handiagoa duten langileak txertatuz", diote arduradunek.
Urteurrena abiapuntutzat hartuta, on-line estrategia sendotuko du Idekok, sare sozialetan kanal berriak irekiz. "Merkatuaren eskaera industriara hurbiltzeko apustu garbia da, zentroaren ikerketa guztien emaitzak enpresa-ehunari eskaintzeko xede nagusitik jaio den apustua, hain zuzen ere", esaten du zentroak.
Twitterren dago
Orain arteko emaitzekin pozik daude: "Sareetako parte-hartzea oso aktiboa ari da izaten. Egunero posteatzen da industria-fabrikazio eta -ekoizpen teknologiekin lotutako informazioa eta azpimarragarria da, egun gutxi batzuetan, Twitterren lortutako jarraitzaile-kopurua".