Denek ez dute ospatuko, ordea. Alderdi politiko abertzaleak jai egun horren aurka daude eta, esate baterako, Bilduren alkate, zinegotzi edota diputatuek, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak edo Denbagoieneko Bilduko alkateek, esaterako, normal lan egingo dute gaur. Martitzenetan egiten duten diputatuen kontseilua normal egingo dute gaur ere Gipuzkoako Foru Aldundian. Garitanok uste du gaur ez dela jai egun Gipuzkoarendako.
Omenaldia Garaikoetxeari
Patxi Lopez lehendakariak harrera egingo die Eusko Jaurlaritzan, euskal jendarteko ordezkariei eta agintariei. 18:30etik hasita. Garitano ez da han izango. Bai, ordea, EAko ordezkaritza bat. Izan ere, gaurko lehendakariaren harreran, besteak beste, Carlos Garaikoetxea lehendakaria omenduko dute eta Gernikako arbolaren gurutzea emango diote.
Jeltzaleak Gernikan
EAJk ere eroango du ordezkaritza bat lehendakariaren harrerara. Edozelan ere, jeltzaleek, beren aldetik, ekitaldi bat antolatuko dute Gernikako juntetxean.
Herritar omenduak
Gaur lehendakariak egingo duen harreran beste herritar batzuk ere omenduko dituzte:
- Lan Onari saria emango diote Pedro Anitua, Juan Angel Balbas, Ana Blanco, Martin Fiz, Juan Pablo Fusi eta Milagros García Crespori.
- Lagun Onari saria, berriz, Jose Ignacio Sánchez Galan enpresaburuari.