Fagor Automation pozik itzuli da Hannoverko azokatik

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 25a

Fagor Automationek oso positibotzat jotzen du irailaren 19tik 24ra Hanover-en EMO izeneko azokan parte hartu izana.

Kaptazio negozioko zuzendari komertzial Iñaki Bañuelosen hitzetan, azoka guztian zehar jende ugariren presentzia nabarmendu da, epe laburrerako sektorearen hazkunderako itxaropenak transmitituz. Hitz egindako makina fabrikatzaile gehienek oso susmo onak helarazi dizkigute, bai eskaeren aurreikuspenengatik eta baita orokorrean eman diguten giro baikorragatik".

"Zuhurtasunez jokatuko dugu"

Egindako kontaktuen kalitatea nabarmendu dute, izan ere erosketa prozesuan parte hartzen duten eragile ezberdinekin egin dira kontaktuak, hau da, gerente, erosle, tekniko zein saltzaileekin. Fagor Automationek makina-erreminta sektoreko 1.go mailako markekin egoteko aukera izan du, azoka honetan, eta honekin etorkizunera begira enpresarentzat emaitza positiboak jasotzea espero da. Iñaki Bañuelos-en hitzetan, "hala ere, giro itxaropentsu honen aurrean, makina-erremintako beste merkatuen inguruan ditugun informazioak ez dira hain baikorrak, eta horrek hurrengo hilabeteetan sektorearen bilakaeraren inguruan, zuhurtasunez jokaraztea eragiten digu".

Zazpi herrialdeko makinetan

EMO azokan erakutsitako makinen artean, Fagorrek %3 bereganatu zituen, hots, 5. postua azoka guztian zehar. Oso emaitza positiboa deritzote, kontutan izanik CNC fabrikatzaile alemanen ezarpena merkatu honetan. Fagor Automation kontrol eta kaptazio sistema hauek jatorri italiar, taiwandar, espainiar, serbiar, txinatar, estatubatuar zein alemaniar makinetan muntatu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak