Lanbidek %20 handituko ditu kontrataziorako laguntzak

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 24a

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak % 20 handituko du kontrataziorako laguntzetara destinatutako partida, hasiera batean aurrekontuan sartutako 42 milioi eurotik 50,5 milioi eurora. Txoke-plan horren gehikuntza ekonomikoak Euskadi osoan 4.000 kontrataziora iristeko aukera emango du, Enplegu Sailak dioenez.

"Krisialdiaren larritasuna eta langabezia handia direla medio, Lanbideren Administrazio Kontseiluak ikusi du lehentasuna duela programa horretara funts gehiago bideratzeak, eskaera ugari izan baititu
gainera", adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak.

Laguntza-lerro hori udalei, horien mende dauden erakundeei, irabazi-asmorik gabeko erakundeei, laneratzeko enpresei eta enpresa arruntei zuzenduta dago.

Langabezia kobratzen ez dutenak

Laguntzen onuradun izango dira langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioa jasotzen ez dutenak edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baita gazteak ere, krisialdiak erabat ukitzen dituen kolektiboak direlako eta, beraz, Lanbiderentzat lehentasunezkoak direlako. Horrela, kontratuen % 35 gutxienez 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat izango da, eta beste % 20 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat.

"Krisialdi honetan gazteen kolektiboa da zailtasun gehien izaten ari dena enplegu bat lortzeko, askotan lehen enplegua izanik gainera. Prestakuntza amaitzen dutenean beraientzat oso zaila da enplegua aurkitzea, eta gero eta denbora gehiago behar izan orduan eta zailagoa da lan-merkatuan sartzea. Horregatik, enplegagarritasunerako gaitasuna ez galtzeko, lan-harreman bat sortzeko, lehentasuna ematen diegu", adierazi du Zabaletak. "Eta gauza bera gertatzen da diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenekin, horiek normalki luzaroko langabetuak izan ohi dira. Kontrataziorako laguntza-programa hau haiek lan-merkaturako errekuperatzeko bide bat da".

Interes orokorra duten ekintzak

Lanbidek, partida honekin, interes orokorra eta gizarte-erabilgarritasuna duten jarduerak diruz lagunduko ditu. Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira teknologia berriekin, energia berriztagarriekin, komunitaterako zerbitzuekin edo landa- eta hiri-ingurunearen mantentze eta berreskuratzearekin. Era berean, zona behartsuetan eta krisialdi ekonomikoak eragindako zonetan kontratazioak sustatuko dira.

Erakundeek langileen kontratazioaren iraupena libreki ezarri ahal izango dute, betiere kontuan izanik diruz lagunduko diren lan-kontratuen gehieneko epea 6 hilabetekoa izango dela, lanaldi osoan.

Enplegu eta Gizarte gaietako Sailburu eta Lanbideko Administrazio Kontseiluko presidenteak dioenez, "laguntza-lerro honek enplegu-sorkuntza sustatzen du, eta finantzaketa publiko garrantzitsua duenez, batez ere gizarte-interesa duten jardueretara bideratuta dago".

Hori dela-eta, kontrataziorako laguntza-programak "Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren kezka" du sorburu, non agente sozial guztiek parte hartzen duten. "Abal horretaz gain, administrazioen publikoen kasuan, enpresa-batzordeen onespena lortu behar du", gogorarazi du Zabaletak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak