Ikerketen arabera, proiektuak zuzentzen dituzten profesionalek esperientzia tekniko handia baina kudeaketari (hau da, helburuak adosteari, pertsonak motibatzeari, aukera berriak identifikatzeari, antolatzeari, planifikatzeari, erabakitzeari, kontrolatzeari, informatzeari eta abarri) buruzko ezagutza txikiak dituztelako gertatzen da hori. Horrelako profesionalak falta direlako erabaki zuen Mondragon Unibertsitateak duela lau urte PMP Ziurtapena Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzea. Programa horretan dagoeneko ia ehun pertsona akreditatu dira.
Munduko aitortzarik garrantzitsuena
PMP® Ziurtapena (Certified Project Management Professional) proiektuen zuzendaritzarako gaitasun profesionala akreditatzen duen munduko aitortzarik garrantzitsuena da. Azken urteetan, mundu osoko instituzioek eta enpresek beren proiektu-arduradunei eta proiektuak egiten dituzten enpresei eskatzen dieten oinarrizko baldintza da.
Proiektuen kudeaketan esperientzia eta goi edo erdi mailako unibertsitate-titulazioa duten profesionalei zuzenduta dago. Programa horrekin, Mondragon Unibertsitateak ziurtapen hori duten proiektu-kudeatzaileen falta txikitzen lagundu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan, izan ere, euskal enpresentzat eragozpen handia izaten hasi da egoera hori, nazioarteko proiektuetan eta instituzio, erakunde eta enpresa liderrentzako proiektuetan beren parte-hartzea mugatuta ikusten dutelako.
Behin prestakuntza amaitutakoan, parte-hartzaileek azterketa bat gainditu beharko dute. Orain arte, 96 pertsonak jaso dute Mondragon Unibertsitatearen ziurtapena, eta ziurtaturikoen % 95ek baino gehiagok gainditu du lehen azterketa.
Ekimenaren arrakasta dela eta, Mondragon Unibertsitatea aurrerapauso handiak ematen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan Project Management Institute bat sortzeko. Horrek Euskal Autonomia Erkidegoa Proiektuen Zuzendaritzan erreferente bihurtzea du helburu. Erakunde horrek sei zutabe nagusi izango lituzke: Ezagutzaren Kudeaketa; Prestakuntza; Ikerketa eta Garapena; Argitalpenak; Talde Espiritua eta Pertsonen Inplikazioa. Informazioa eta baliabideak trukatzeko komunitate gisa funtzionatuko luke, baita ezagutza handitzeko eta proiektuen kudeaketako jardunbide egokietan gaitzeko ere. Gainera Euskal Autonomia Erkidegoko profesionalen arteko elkargunea izango litzateke.