Soralucek 6 milioi inbertituko ditu Alemaniako ordezkaritza handitzen

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 21a

Soraluce enpresak, fresatzeko-mandrinatzeko makinen diseinuan eta fabrikazioan espezialista denak, 6 milioi euro inbertituko ditu Limburgen, Alemanian duen Bimatec-Soraluce ordezkaritza zabaltzen, herrialdean duen presentzia indartzeko, instalazioak handitzeko eta bere irudia munduan proiektatzeko. Soraluce Danobat Group-eko kidea da, Mondragon Korporazioko Makina-Erremintaren Dibisioaren barruan.

Alemaniako egoitzak gaur egun 1.300 metro koadroko show-room bat dauka, eta 2012ko ekainean beste 2.500 metro koadrorekin handituko da.

Show-roomaren zabalkundeaz gain, bere jarduerak sustatzeko helburuarekin, gaur egun administrazio zerbitzuak eta bezeroentzako euskarriak (giltza eskura erako proiektuak, salmenta ondoko zerbitzua, formazioa, etab.) hartzen dituzten bulegoak ere zabaldu egingo dira, beste 1.900 metro koadrorekin.

Aldaketaren ezaugarri nabarmenena esparru berriaren edukiera izango da, garabira 10 metroko garaiera hartuko baitu; horri esker, gipuzkoar etxeak bide bertikaleko 8 metrorainoko makinak ere aurkeztu ahal izango ditu merkatu horretan.

Hogei urte Alemanian

Soralucek orain dela 20 urtetik dauka presentzia Alemanian, eta bertatik kudeatzen da bezeroekiko harremana, kontuen kudeaketa, instalazio eta salmenta ondoko zerbitzua eta gainerakoak. Urte horietako guztietako lanaren emaitza gisa 800 makina baino gehiago ditu instalatuta erreferentziazko bezeroen etxeetan.

Horrenbestez, 2008aren amaieran ordezkaritza zabaltzeko lanetan hasi zen, merkatu horretan duen lidergoa mantentzeko eta handitzeko helburuarekin eta, are gehiago, gainerako esportazio merkatuetan.

Gipuzkoar enpresaren zuzendari gerentea den Rafael Idigorasek adierazi duenez, “Alemaniak mundu mailan testuinguru ekonomiko, politiko, teknologiko eta industriakoan gaur egun duen garrantzia funtsezkoa da”. Izan ere, goi mailako teknologiako makina-erremintaren ekoizpenean eta kontsumoan erreferentziazko herrialdea da.

Datorren urterako

Obren hasiera bat etorri da Hannoverren irailaren 19tik 24ra egin berri den makina-erremintaren EMO Azokarekin, eta aurreikusita dago instalazioak 2012ko ekainean inauguratzea; hain zuzen, urte horretan ospatuko da Soraluceren 50. urteurrena, eta horretarako hainbat ekitaldi prestatzen ari dira dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak