Gipuzkoako euskal kantu txapelketako bigarren saioa jokatuko dute domekan Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko urriaren 21a

Gipuzkoako euskal kantu txapelketako bigarren saioa jokatuko dute domekan Bergarako Zabalotegi aretoan, 18:00etan. 'Kantu baten bila...' lelopean egingo dute kanporaketa. Aurtengoa XV. edizioa izango da. 21 abesti aurkeztuko dituzte Bergarako saioan, eta horietatik sei abesti berriak izango dira.

Euskal kantu txapelketan debagoiendarren presentzia handia izango da. Bi bakarlari, bikote bat eta talde batek abestuko dute.

Sara Manzanorendako lehenengo aldia

Sara Manzano bergararrarendako lehenengo aldia izango txapelketa honetan parte hartzen duena. "Kantu eskolan nabil eta irakasleak animatuta izena eman dut txapelketan", azaldu du gazteak. Iaz ere parte hartzeko gogoa izan zuela azaldu du baina entseatzeko denbora barik ibili zela. Txapelketa herrian izanda, "oso berezia" izango dela gaineratu du. Manzanok piano jolearen eta biolin jolearen laguntza izango du taula gainean: Cristina Souto eta Andoni Moñuxek lagunduko diote.
Loretxoa abestia irakasleak aukeratu diola azaldu du: "Bi urtez Gabonetako kontzertuan abestu izan dudan abestia da". Gaineratu du azken astea eman duela abestia entseatzen.
Manzanoren helburua abestiarekin ikusleengana iristea izango da eta ondo pasatzea.

Josu Zubia oñatiarra

Josu Zubiak badu esperientzia kantu txapelketan. Aurtengo ediziora bi kantu berri aurkeztuko ditu, berak sortutakoak. "Atiak abestiaren letrak Gerardo Markuleta osabak egin dizkit; Bi deabru sorbalda gainean, ostera, nirea da", azaldu du Zubiak.
Atiak abestiak ateak gustuko dituen pertsona batez dihardu; eta, bigarren abestiak aukeratu beharraz, bide bat hartu beharraz hitz egiten du.
Iazko euskal kantu txapelketan Itsaso Pol gitarra jolea izan zuen alboan Zubiak. Aurten bakarrik arituko da: abestu eta gitarra joko du.

Arrasateko bikotea

Maialen Arratibel eta Eneritz Urrutiarendako ere ez da lehenengo aldia izango. "Hirugarren aldia izango da", azaldu du Arratibelek. Bi kantu abestuko dituzte eta Hotzak uste baino lehen abestian Maixaren laguntza izango dute trikitian.

Bergarakoa, taldea

Bergarako Nau taldeak bigarren aldiz parte hartuko du. Bateria, baxua, gitarra eta trikitiaren laguntza izango dute taula gainean Zuentzat abestian. Orain dela astebete hasi ziren entseatzen eta oraindik lasai dauden arren Aritz Aristizabal irakasleak dio eguna iristen denean urduri jarriko direla. Irakaslearen ustez helburua ondo pasatzea eta zaletasuna sustatzea izan behar du.

Finala hilaren 27an Donostian

Bergarako saioa amaitu ondoren Donostiako antzoki zaharrean jokatuko den finalera nortzuk pasako diren jakitera emango du epaimahaiak (hilaren 27an, 18:00etan). Finalean sari nagusia eta sorkuntza lan onenaren saria emango dute, baina sari onena diskoan parte hartzea izango dela dio Juan Luis Aranburu antolatzaileak: "Garailearekin eta abesti berriekin Kantagintzaren uhin berria diskoa grabatuko dugu", azaldu du. Sari hori txapelak eta garaikurrak baino erakargarriagoa dela dio. Gainera, finalean hautatuko dira Euskal Herriko kantu txapelketan Gipuzkoa ordezkatuko dutenak.
Euskal kantuzaleen elkarteak antolatzen du txapelketa harrobi berria egiteko helburuarekin. Elkartearen helburua kantu-zaletasuna sustatzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak