ETAren iragarpenak "ilusioa eta poza" sortu ditu herritarrengan

Maider Arregi 2011ko urriaren 20a

1. Zer irizten diozu ETAk betirako uzten duela iragarri izanari?

2. Aurrerantzean zer? Ze egin beharko litzateke?

Rafa Gomez, Al-andaluseko presidentea

1. "Oso positiboa da. Ni neu 1977ko amnistiatik egon naiz pauso horren zain. Orduan egin izan balu ETAk egin berri duena, gauzak oso bestelakoak izango zitezkeen; baina hobe berandu, sekula ez baino".

2. "Azaroko hauteskundeek asko baldintzatuko dute etorkizuna. Dena dela, gatazka ez da hemen bukatzen; hitz egin behar da, baina oraingoan, mahai gainean pistolarik gabe. Lehenbailehen hasi behar da elkarrizketa".

Jose Antonio Azpiazu, historialaria eta idazlea

1. "Oso adierazpen positiboa da, eta esperotakoa, gainera. ETA bide baten bila zebilen eta ez zuten egokirik topatzen, baina badirudi azken egunotako aurrerapausoek lagundu dutela".

2. "Gure esku, jendartearen esku dago etorkizuna, neurri handi baten. Politikaren bidez jarraitu behar da aurrera, baina geuk, herritarrok, zeresan handia izango dugu. Ea, bada, herri gisa lasaitzen garen eta normaltzen garen".

Pello Zabala, apaiza

1. "Albiste pozgarria da, zalantza barik. Era berean, baina, normalena eta espero zena zen azken egunetako gertakariak eta talde armatuak azken bi urteetan izan duen jarduna ikusita".

2. "Asteleheneko konferentziaren ostean Espainiako medio batzuetan esan direnetako batzuk itzelak izan dira. Azken urteetan ETAri erru guztia bota ostean, orain ez dute izango errua nori bota. Eta beraz, mugitu beharrean daude".

Aitor Zabaleta, auto gidaria

1. "Oso pozgarria da denondako. Kontuan izan behar da ETArendako erabaki gogorra izan dela, urratsa eman dutela zoriontzekoa da. Konferentziak lagundu du erabakian, baina testuinguru osoaren emaitza da".

2. "Gatazkaren beste aldeak agindu izan duena bete egin behar du orain. ETAk eman du, eta orain Espainia eta Frantziari dagokio . Gatazkaren konponbiderako denok batera joatea ezinbestekoa da".

Josu Zabala, MUko errektorea

1. "Autoan Madriletik nentorrela entzun dut albistea. Aspaldian, urtetan itxaroten genuen albiste pozgarria iritsi da azkenean, bake prozesuarentzat ezinbesteko urratsa. Zalantzarik gabe, ETAk jarduera armatua mugarria da guztiondako".

2. "Argi dago beste etapa berri baten sartzen garela, Euskal Herriarendako aro berri baten hasiera. Zeharkako gauzak konpontzen joan beharko gara, baina bultzada handia da hau".

Mariasun Pagoaga, aktorea

1."Pozik nago, baina guztiok espero genuen komunikatua, erantzuna, dela uste dut. Guztiok gaude bakearen alde. Ea bada, testu horrek zabaltzen duen bidea bizi dugun egoera konpontzeko balio duen".

2."Mahaiaren bueltan jarri beharko ginateke guztiok. Eskuineko alderdiek askotan esan dute ETAk pausuak eman behar zituela. Bada, orain eman du, eta guztiok ados ipintzeko ordua dela uste dut".

Juan Ramon Garai, Intxorta 1937 Kulrur Elkarteko kidea

1. "Komunikatua espero nuen, baina ez horren azkar. Espainiako Gobernuak pausurik eman ez duela ikusita, txalogarria da ETAren erabakia".

2. "Erabaki honekin pertsona asko argudio barik geratu dira. Alderdi asko  izan dira ETAren jarduera armatua aprobetxatuz ondo baino hobeto bizi izan direnak. Orain urratsak eman beharko dituzte. Dena den, uste dut lana dugula aurretik egoera konpondu arte".

Elena Laka, abokatua

1. "Oso ondo hartu dut berria. Euskal gizarteak urteak eman ditu agiri honen zain eta azkenean etorri da. Momentu historikoa da, ea horrenbeste sufrimendu behingoz amaitzen den; guztiok merezi dugu bakean bizitzea".

2. "Honaino iritsi baldin bagara, nik uste dut borondatea egongo dela alde guztietatik aurrera eroateko. Orain arteko pausuak ez dira alferrikakoak izango. Honek ez dauka atzera bueltarik; erabaki potoloena hartuta dago".

Jabier Retegi, Jakiunde

1. "Oso berri ona da gure herriarentzat. 50 urteko bidea zatarra ixten da; ea bide bide berrian sartzen garen bakea oinarri duen gizarte berria sortzeko. Itxaropen handiz hartu dut erabakia".

2. "Giro berria sortzen da, gure arteko borroka baretzen joan behar da. Errurik gabeko jende asko minduta dago, eta hori ahaztea ez da erraza. Moralki berrituta dagoen gizarte berria sortu behar dugu, eta ekonomia aldetik ere borroka egin behar dugu".

Jerardo Elortza, historialaria

1. "Zalantza barik albiste pozgarria da eta aukera bat, guztion artean beste era bateko etorkizuna finkatzen hasteko. Ea hemendik aurrerako pausuak ez diren okertzen eta benetan garai berri baten atarian gauden. Aspalditik ginen albiste honen zain".

2. "Ikusi beharko dugu Madrilen-eta nola hartzen duten ETAren erabakia eta azaroko hauteskundeen ondoren sortzen den gobernuak zer nolako jarrera daukan"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak