Politikarien erreakzioak ETAren iragarpenaren aurrean

Maider Arregi 2011ko urriaren 20a

Alderdi politikoen iritziak jaso ditugu: Debagoienekoak, Euskal Herrikoak, Lehendakariarena, Zapaterorena, Raxoirena... Jarraian dituzue batuta:

Pello Urizar (EA): "Egun historikoa da, gizarteak espero zuen asteleheneko konferentziaren ondoren. Erantzuna goiz eta zentzu onean etorri da. Orain agente guztiei dei bat egin behar zaie erantzuna beraien aldetik positiboa izan dadin. Espainia eta Frantziako Gobernuek erantzuna eman behar dute orain. Bigarren puntuari erantzun behar dute. Azkenengo egunetako abiadura bertigoa sartzeko modukoa da eta azken hilabeteetan gertatu dena ikusita aurrera pausoak eman behar dira. Normalizaziorako, gobernuei eta eragileei, aurrera pausoak eskatu behar zaie gizarteak uler dezan. Azaroak 20an, hauteskunde orokorretarako ilusio ekarriko du; positiboa da Euskal Herriarentzat, gizartearendako apustua dago. Politika bidez helburu politikoak aurrera eramatera lortu daitezke eta konpromisoa badago. Benetan demostratu behar dugu bide politikotik Euskal Herriaren eskubideak lortu daitezkeela eta gizarteak ulertu eta babestuko du. Erantzun honekin une historikoan gaude; asko dago egiteko oraindik normalizaziorako. Hainbeste urtetan bizitako gatazkaren ondoriok asko dira eta asko dago egiteko. Gaurkoarekin pauso garrantzitsua eman da baina ez da azkenengo pausoa denok jarri behar dugu lanean".

Rebeka Ubera (Aralar): "Oso une pozgarria da. Orain garrantzitsuena da politikari eta elkarrizketari bidea irekitzen zaiola. Ez dago aitzakiarik. Politika eta hitza dira orain izarrak, protagonistak. Ea maila ematen dugun, herritarren beharrei erantzuten diegun, denok batera".

Lourdes Idoiaga (EAJ): "Azkenaldian sinistuta geunden bazetorrela eta etorri da. Kutxako batzarretik nentorren, autoan, eta irratian entzun dut berria. Ustekabe handia izan da eta guztiz pozik hartu dut. Balorazio oso ona egiten dut, urte askoko sufrimenduaren ostean dator-eta. Biktimak ditut gogoan. Asko eta era askotakoak. Herriak asko sufritu du-eta. Askatasuna etorri da. Eta orain? Batzuek esango dute ez dela nahikoa. Baina Aieteko ebazpena argia da eta lehen puntua beteta dago. Beste lau puntu geratzen dira betetzeko eta pazientzia beharko dugu, elkarbizitza da orain helburua. Jendarte guztia inplikatu behar da, baina pazientzia beharko dugu, luzea da-eta bidea".

Itziar Lamarain (PP): "Azkenean iritsi da eta oso pozik nago. Argi utzi beharra dago gizartea izan dela ETArekin bukatu duena. Askatasunaren alde atzera egin gabe borrokatu duen gizarte, hitzarekin eta botoa emanez. Esan nuen eta egingo dut, uzten badidate. Arrasateko udaletxeko balkoitik etxafuegoak botako ditut. ETAk armak utzi eta gero denok berba egin dezakegu; denok dugu arrazoiaren zati bat."

Xabier Zubizarreta (Ezker abertzalea): "Konfirmazio bat izan da eta Ezker Abertzaleak emandako bidean beste urrats bat da, baina egiazko bakeranzko bidea orain hasten da. Aurrerantzean euskal herritarroi dagokigu urratsak ematea eta hainbat urtetan jasan ditugun eskubide urraketak gainditzen joatea eta horixe exigitzea Estatuei. Besteen aldetik orain ez dugu ausardia politikorik ikusten baina beste aro politiko baten hasiera da. Era berean, inportantea izango da kaltetu guztiei aitortza egitea. Poza bai, baita ardura ere sentitzen dut, ze inoiz baino argiago ikusten du orain euskal herritarron esku geratzen dela. Oroimenean ere izan nahi ditut Arnaldo eta hura bezala kartzelan daudenak, haiek hasitako bidea baita."

Jonan Fernandez (Baketik): "Etorkizunari begira hasiera ona dela uste dut. Etorkizunari bide baketsutik ekin behar zaiola uste dugu".

Paul Rios (Lokarri): "Ikaragarrizko zoriontasun eguna da hau guretzat guztiontzat. ETAren indarkeria iritsi da bere amaierara. Atsekabeko hainbeste urtetako biktimentzat da gure lehen oroitzapena. Euskal gizartearen lanak jaso du bere uzta. Lortu dugu. Gure aintzatespen osoa era anonimoan, urte askoan zehar, bakea eta indarkeriaren amaiera aldarrikatu dituzten pertsonentzat. Bakerako prozesu itzulezin batean gaude jada. Goza dezagun egindakoaz. Iritsiko da dauzkagun erronkez hitz egiteko unea. ETAren erabakiarekin ez dira arazo guztiak desagertzen, baina zalantzarik gabe, elkarrizketa, akordioa eta berradiskidetzeari heltzea, azken batean, elkarbizitza, askoz errazagoa izango da pertsona guztiek askatasun eta segurtasun handiagoa izango baitute".

Gerry Adamsek komunikatuari ongietorria eman dio, eta Espainiar eta Frantziar gobernuei azaldu die "gatazkaren ondorioen" inguruko elkarrizketak egiteko momentua dela.

 

Iñigo Urkullu (EAJ): "Aspalditik itxaroten genuen komunikatua da. ETAk bere eginkizun armatuaren behin betiko amaiera adierazi du eta amaitu da amets gaiztoa. Bakearen ongi gorena hementxe dugu. Euskadik lortu du, zorionak Euskadi. Egun garrantzitsua dugu denok, baina ez dugu ahaztu behar, Euskadik ETAri ez dio ezer zor, ETA da Euskadiri zor diona. Azkenik balorazio honetan Eusko Alderdi Jeltzaleak ezker abertzaleari eskua luzatu nahi dio euskal alderdi guztiekin batera bidea egin dezagun".

Jose Luis Rodriguez Zapatero (Espainiako presidentea): "Espainiako gizartearen neurritasun eta irmotasunari esker izan da ETAren amaiera. Espainiako barne ministroek egindako lanari esker izan da. Baita estatuaren segurtasun indarrei esker ere, polizia, guardia zibila, justizia, inteligentzia zerbitzuei esker. Frantziako kolaborazioari eta Sarkozyri esker. Bereziki gogoan izan ditut ETAk hildakoak eta zaurituak, memoria ez da galduko. Euskal gizarteak bizikidetza askean eta bakean ekingo dio orain. Etapa berrirako datozen gobernuek lan egin beharko dute".

Mariano Raxoi (PP): "Poztasun handiarekin hartu dut iragarpena, bereziki, banda armatuak eragin duen sufrimendua kontuan hartuta. Urrats garrantzitsua da, baina espainiarren lasaitasuna ez da izango erabatekoa ETAren desagerpena gertatu arte. Lehenengo-lehenengo, horrenbeste pertsona errugabe etortzen zaizkit burura, bizitza hondatu duten horrenbeste. Gure demokraziaren erreferente morala dira eta izan dira terrorismoaren biktimak. Albiste hau etorri da legea indartsuagoa izan delako mehatxuak eta biolentzia baino. ETAren iragarpena albiste oso ona da, baina espainiar jendartearen esfortzu eta determinazioaren ondorio da, askatasunari eusteko batuta egon delako".

Patxi Lopez (Lehendakaria): "Aro berri bat hasi da". Komunikatua osorik ezagutzen duenean egingo duela agerraldia esan du. 

 

 

Jon Agirre (preso ohia): "Ongi etorria izan bedi ETAren erabakia. ETAk eman beharreko urratsa zen zalantza barik. Eta orain zer? Pilota Madrilen teilatuan dago eta ezin jakin zer egingo duten, baina baikorra naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak