Gobernuei eta jendarteari deia ETAk

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 20a

Azkenean etorri da. Orduak, egunak..., urteak itxoiten egon gara. Asteleheneko Nazioarteko Bake konferentziaren ostean eta, batez ere, duela urte bi ezker abertzaleak hasitako bidearen ostean, besterik ezin zitekeen. Gaur etorri da. Zurrumurru eguna izan da gaur. Eta espero zena esan du ETAk: behin betiko jarduera armatua utzi duela. Pdf eta bideo bidez zabaldu da mezua. Lehenengo, twitter bidez; gero, webguneetan: Gara eta Berria-koetan.

Frantzia eta Espainiako gobernuei eta euskal jendarteari zuzendu zaie, bereziki, ETA komunikatuan. Eta baita ETAkideei ere.

Asteleheneko Bake Konferentzia

Asteleheneko bilkurari erreferentzia egiten hasi du komunikatua. Nazioarteko Konferentzia "garrantzi politiko handiko ekimena" dela dio.

Euskal Herrian "aro politiko berri bat zabaltzen" ari dela dio, "mendeetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera" historikoa dagoela. Elkarrizketa eta akordioa beharrezko direla eta "Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea ukazioari gailendu" behar zaiola.

Erakundearen bandoan jauzitakoak eta kartzelan daudenak gogoratzen ditu komunikatuak. Aurrera begira, halere, borroka dela bidea dio komunikatuak.

"Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da. Baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere" dio.

Gobernuei deia

Jarduera armatua uzten duela esateaz gain, Espainiako eta Frantziako gobernuei deia: "gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko".

Azken deia euskal jendarteari: konponbide prozesuan murgil dadin, "bake eta askatasun agertoki bat sortu arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak