Kolon minbizia goiz detektatzeko kanpaina abiatu dute eskualdeko herri guztietan

Mireia Bikuña 2011ko urriaren 20a

Kolon eta ondeste minbizia goiz detektatzeko programa abian da Debagoieneko herri guztietan. Iaz deialdia egin zuten Oñatin, eta emaitzak ikusita ibarreko gainerako herrietara zabaldu dute. Programan parte hartzeko gonbidapena jaso dute 50 eta 69 urte arteko gizonezko eta emakumezko guztiek. Osakidetzak abian ipini duen kanpainaren helburua prebentzioa da. "Gaixotasuna garaiz harrapatu behar dugu, sintomarik ez dagoenean", esan digu Aretxabaletako osasun zentroko arduradun Clemente Domingok.

Eskutitz pertsonalizatua jaso dute etxean adin tarte horretako gizon eta emakumeek, informazioarekin eta kaka lagina hartzeko kitarekin. Gutuna jaso eta hiru eguneko epean lagina eraman beharko dute euren anbulatoriora eta han dauden kutxatan utzi. Testaren emaitza positiboa denean, familia-medikuak kolonoskopia egiteko proposatuko du, diagnostikoa konfirmatzeko. Aldiz, emaitza negatiboa bada, mediku endoskopistak berak adieraziko dio emaitza pazienteari.

Bigarren hilkorrena

Kolon eta ondesteko minbizia da herrialde garatuetan hilkortasun handiena sortzen duen minbizi mota, baita EAEn ere. Gizonen artean hilkortasun handiena sortzen duen bigarren minbizi mota da, prostatako minbiziaren ostean, baita emakumeengan ere, bularreko minbiziaren ostean.

Oñatin erantzun bikaina izan zuen

Oñatin erantzun bikaina izan zuen kolon eta ondesteko minbizia aurrez detektatzeko kanpainak. 2.500 gonbidapen bidali zituzten gutun bidez, eta 1.831k (%73,3) egin zuen proba. Horietatik 118 emaitza positiboak izan ziren. Hori horrela, 105 kolonoskopia egin zituzten, eta haietan garapen ezberdineko 65 polipo antzeman zituzten. Dena den gehienak (60) gaiztotu bakoak ziren. Arrisku handiko 27 adenoma topatu zituzten eta bost kartzinoma.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak