Gipuzkoako enpresek diote datorren urtea "zaila" izango dela

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 20a

Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak, Adegik, dio datorren urtea zaila izango dela eta krisiak jarraituko duela, gutxienez, beste urtebete. Lurraldeko enpresaburuak ezkorrak dira merkatuen egoeraren inguruan eta ez dute espero epe laburrean egoera hobetzerik. Eta, hori, hirugarren hiruhilekoan salmentak eta eskaerak apur bat gora egin duten arren. Hain justu ere, salmentak %1,4 eta eskaerak %0,4 igo dira Gipuzkoako enpresetan, kanpoko merkatuarengatik, nahiz eta Gipuzkoako enpresen %55ek, eskaera-kartera "ahula" eduki.

Eduardo Zubiaurre Adegiren presidenteak eman zituen aditzera datuak atzo. Gipuzkoako ekonomiaren koiunturaren gaineko datuetan oinarrituta eman zituen azalpenok. Ekonomiaren egoera txarraren beste erakusle bat da finantzazio arazoak dituztela Gipuzkoako enpresek. Hala, Gipuzkoako enpresen %42ak dio zirkulatzailea finantzatzeko arazoak dituela eta beste %38 batek, inbertsioa finantzatzeko dituela zailtasunak.

Aurreikuspen "txarrak"

Oro har, hemendik eta urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak "txarrak" dira Gipuzkoako enpresaburuen iritziz, bereziki, "enpleguari dagokionean".

Gipuzkoako enpresak gehien kezkatzen dituen faktoreak honako hauek dira Zubiaurreren esanetan: "Espainiako merkatuaren eskaera eskasa, laneko kostuak eta nazioarteko ekonomiaren ahultasuna", berau gero eta ahulagoa delarik.

"Dezepzionagarria"

Adegik aurreikusi du Gipuzkoako Barne Produktu Gordina 0,6 bakarrik haziko dela aurten eta gogoratu du iaz apenas hazi zela. Hori "dezepzionagarria dela esan du Zubiaurrek.

Adegik dioenez, enpresa industrial eta esportatzaileak, eta egoerari aurre egiteko neurri egokia dutenak, "etorkizunari hobeto aurre egiteko" moduan daude. Horregatik, dio Adegik, komenigarria dela, etorkizunera begira, enpresen "dimentsioa eta nazioarteko merkaturako prest egotea" behar beharrezkoak direla. Eta, hala, ekonomiaren berpiztea helburu duten neurriak bide horretatik joan behar direla. Era berean, finantzazioaren erronka azpimarratu du Adegik.

Atzoko agerraldian beste behin gogoratu zuen Zubiaurrek, beharrezkoa dela "soldatak produktibitateari lotu beharra".

Nazioarteko ekonomia geldi

Bestalde, nazioarteko ekonomia geldi eta merkatuak egoera eskasean daudela dio Adegik. Amerikako Estatu Batuetan, Alemanian eta Frantzian, esaterako, oso gutxi hazi dela ekonomia azkeneko hilabeteotan. 2012ko bigarren seihilekorako aurreikuspenak ere ez dira hobeak, "mundu mailako ekonomia ez delako haziko, geldialdian murgilduko delarik" Zubiaurreren ustez.

Nora saltzen dute Gipuzkoako enpresek?

Adegiren datuen arabera, Europako Batasuneko herrialdeetako esportazioak %14,3 hazi ziren aurtengo urtarriletik uztailera bitartean. Halere, krisiaren aurretiko urteekiko "urrun dago" Gipuzkoako enpresen esportazio ahalmena. Europako Batasunaren barruan ez dauden beste herrialde europar batzuetako esportazioak %7,6 hazi dira. Baina, azkenaldian, gehien garatu diren herrialdeetarako esportazioak dira gehien hazi direnak. Hala, Latinoamerikako herrialdeetakoak %59,6 hazi dira eta Asiakoak, %22,9. Iparramerikakoak %18,1 hazi dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak