Azaroaren 20rako hautagai debagoiendarrak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 19a

Gaur argitaratu dituzte Espainiako hauteskundeetarako zerrendak Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta hainbat izen debagoiendar aurkitu ditugu berauetan. Maite Aristegi bergararra izango da Amaiur Koalizioko Kongresurako zerrendaburua Gipuzkoatik. Amaiurren zerrendetan, Kongresurako, beste bi debagoiendar ere badaude, biak ala biak arrasatearrak: Ester Larrañaga lehenengo ordezkoa izango eta Joseba Ugalde, hirugarrena.

Gipuzkoako EAJk bi debagoiendar aurkeztuko ditu azaroaren 20ko hauteskundeetan, biak ere Senaturako: Lore Leanizbarrutia aretxabaletarra zerrendaburua izango da, eta Arrasateko zinegotzi Juan Karlos Garitano, Senaturako bigarren hautagaiaren lehenengo ordezkoa.

Espainiako Izquierda Unida, Euskal Autonomia Erkidegoan Ezker Anitza markarekin aurkeztuko da, eta bi debagoiendar daude Kongresurako zerrendan: Isabel Salud bergararra hirugarrena da eta Juan Luis Merino eskoriatzarra, seigarrena.

Alderdi sozialistak, bestalde, senaturako hirugarren hautagai moduan aukeratu du Blanca Roncal Arrasateko zinegotzi ohia.

Arabako zerrendetan bada debagoiendarrik. Hala, Izaskun Moiua oñatiarra EAJren hirugarren hautagaia izango da senaturako, eta Itziar Lamarain arrasatearra, bestalde, Alderdi Popularraren senaturako lehenengo hautagaiaren bigarren ordezkoa izango da.

Bizkaian, berriz, Junkal Arruti osintxuarra EQUO alderdi berriko zerrendaburu izango da. Juantxo Lopez de Uralde da EQUOko burua, Espainian 30 bat ekologista elkarte batu dituena. Udal hauteskundeetan Bergarako Berdeak-eko zerrendan joan zen Arruti.

Bi debagoiendar Madrilen

Gauzak horrela, eta orain egin daitezkeen aurreikuspenen arabera, pentsa daiteke bi debagoiendar izan ditzakegula Madrilen hauteskundeen ostean, biak ere azaroaren 20ko bozetan aukeratuak: Maite Aristegi (Amaiur) Kongresurako eta Lore Leanizbarrutia (EAJ) Senaturako. Azken hau senataria izan da azken legealdi honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak