Gizarte dirulaguntzen gaineko ituna atzera botatzea eskatu dute sindikatuek eta hainbat alderdi eta elkartek

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 19a

Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Legea aldatzeko ituna atzera botatzea eskatu dute UGT Euskadi, STEE-EILAS, ESK, LAB, CNT, CGT, ELA eta CCOO sindikatuek; Aralar, Ezker Batua, Alternatiba eta ezkerreko beste alderdi batzuek, eta Euskadi osoko hainbat gizarte arloko elkartek. Horrela jakinarazi dute agiri baten bidez. Hor esaten dutenez, ados daude gizarte-laguntzak "familia eta pertsona behartsuenen artean ahalik eta ondoen
banatzeko egiten den esfortzuarekin", baina "erabat gaitzesten" dute "gizarte eskubideak murrizteko egin daitekeen edozein ahalegin".

Sindikatu, alderdi eta talde sinatzaileek honako salaketak egiten dituzte lege berriaren asmoen gainean:

"Gizarte-ongizatearen euskal sistema optimizatu, iruzurrari aurre egin eta austeritate garaian elkartasuna mugatzearen aitzakiaz, funtsezko aldaketa bat egin zaio, 2008an, onartu zen Legearen espirituari; horrela, gizarte-babes eta bermeen aldeko apustua izatetik pobrezia kriminalizatzeko elementu izatera pasatu da".

"Efizientzia eta aurrekontu-ekonomiaren irizpideei jarraituz, Euskadiko gizartebabesaren sisteman sartzeko eta irauteko baldintza gehiago eskatzen zaizkie familiei eta pertsonei, prestazio hori eskatzen dutenek bizi duten egoera orokorra baloratu gabe".

"Gizarte Segurantzarako kotizazioak eskatzea sekula ikusi gabeko baldintza da eskubide bat izateko; eta ez hori bakarrik, gaiztotu egiten du soldatapeko enplegurik gabe gizarteari egiten zaizkion ekarpenen zentzua: etxekoandreak, elkarteetako boluntarioak, etab. Era berean, urratu egiten du berdintasun printzipioa lan merkatuan sartu ezin dutenentzat".

"Zalantzan jartzen da sistematikoki gizarte-prestazioren bat jasotzen dutenen gaitasuna eta autonomia; horrela, prestazio hori laguntza gisa planteatzen da, eta ez pertsonentzako
eskubide aitortu gisa".

"Eusko Jaurlaritzak etengabeko iruzurraren susmopean jartzen du gizarteprestazioren bat jasotzea; horrela, legezkotasunik gabe uzten ditu Sisteman sartzeko pertsonek bete behar dituzten irizpideak".

"Eskubide bat lortzeko ordezko gizarte-prestazioa sortzeak (komunitateari zerbitzuak ematea), eskubide hori merkataritzako gai bihurtzea dakar, onuradunek gizarteari egindako ekarpenaren eta kostuaren arteko ustezko orekan oinarrituta; baina larriena da gizarte eskubide bat jasotzen dutenak eta jokabide delituzkoengatik zigortutakoak parean jartzen dituela".

"Gizarteratze-sistemaren ikuspegia aldatu eta lan arlora begira jartzen du; ikuspegi horrek eskulan huts bihurtzen ditu pertsonak, eta ez du gizarteratzeko beste prozedura argirik ezartzen. Aldaketa horrek kontraesanean jartzen du legearen helburua bera; izan ere, legearen arabera, Gizarteratzeko eta Diru Sarrera Bermatzeko Euskal Sistema gizarte bazterketari aurre egiteko tresna gisa planteatzen da".

"Gizarte-prestazioaren kudeaketa lan arloko teknikarien esku geratzen da, eta teknikari horiek ez dute zertan izan pertsona horiek bizi duten egoeraren ikuspegi osorik".

Sinatzaileen esanetan, "duela urtebetetik hona, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiek moldatu beharra izan dute prestazio hori lortzeko eta mantentzeko Administrazioek egin dituzten aldaketetara, eta ikusi dute aldaketa bakoitzean murriztu egin zaizkiela eskubideak".

Beraz, sinatzaileek honako eskaerak egiten dizkiote Gizarte Gaietako Sailari:

1. Sinatutako ituna atzera bota eta Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) delako gizarte-prestazioa jasotzeko erroldatuta egon beharreko urteak gehitzeko asmoa baztertzea.

2. DSBE jasotzen duten pertsonak eskaintzen zaien lehenengo lana onartzera behartzeko asmoa baztertzea, "egokia hitza guztiz subjektiboa delako". Euren esanetan, "langileak eskubidea izango du bere lan baldintzak negoziatzeko, bere ezaugarriak, curriculuma eta jasotako prestakuntza kontuan hartuta".

3. Lanbide hobekuntza eta prestakuntzarako eskaintzak berritu eta gehitzea.

4. DSBEren izapide sisteman gizarte-langileak sartzea, eskaera aztertu edo lagundu beharra dagoen kasuetan; betiere, aurretik jarriz honako ideia: prestazioa tutoretzarik behar ez duen eskubidea eta administrazio ekintza dela, bereziki, eskaera aztertzeari dagokionez.

5. Etxebizitzagatik laguntzak jaso ditzaketen bizikidetzako unitateak zabaltzea.

6. 23 urtetik beherako pertsonak onartzea, prestazioaren hartzaile gisa.

7. Ondare gisa onartzea ohiko etxebizitza ez den ondasun higiezin baten jabetza.

8. Ezarritako administrazio prozedurak zorrotz betetzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eskatu, kudeatu eta emateari dagokionez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak