Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek azaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak zergen erreformarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela, gaur egungo egoeran "ezinbestekoa" baita, eta atzo Zergen Koordinazio Organoan Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak hori defendatuko zuela iragarri zuen.
Bileraren bilakaera ikusita, Foru Aldundiak bozeramailearen hitzak berretsi nahi ditu, izan ere, "bilera horretan argi geratu da beste Foru Aldundiek ez dutela akordioak lortzeko inolako borondaterik eta gai atzeratzen besterik ez direla ari".
Foru Aldundiarentzat "ezinbestekoa da une honetan zergen arloan erreforma bultzatzea eta bide horretatik progresibitatea ezartzea, alegia, gehien dutenek gehien ordaintzea". Aldundiaren iritziz,horretarako "oso garrantzitsua" da Ondare Zerga ezartzea eta baita PFEZaren oinarri orokorreko tarifan tarte gehiago ezartzea ere, gehien dutenen artean.
Batzarraren inguruan, "orain arte gai nagusi horietan adostasunik lortu ez bada ere, beste proposamen batzuen inguruan adostasuna egon zitekeela uste zuen Gipuzkoako Aldundiak (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateak –BGAE-EPSV-, aurrezkien gaineko zergapena…)", baina, emaitzak ikusita, "argi geratu da gai horietan ere ez dutela adostasuna lortu nahi eta gaia atzeratzen ari direla, erabakiek datorren urteko zerga politikan eraginik izan ez dezaten".
Jarrera horren aurrean "Gipuzkoak argi du bere bidean aurrera egitera doala, Ondare Zerga ezarriz eta PFEZan neurriak ezarriz", esan du Foru Aldundiak. "Egoera honetan bestelako zerga politika bat ezinbestekoa da eta horri buruz aritzeko Aldundi hau beti egongo da prest, baina funtsari heldu behar zaio, adarretatik ibili gabe, denbora aurrera doan bitartean. Gipuzkoako Aldundiak arduraz jokatuko du eta aurrera egingo du, aldaketa behar beharrezkoa baita", gaineratu du Diputazioak.