Mamografiak 40-49 urte bitarteko emakumeei ere

Goiatz Arana Begiristain 2011ko urriaren 18a

Osakidetzak zabaldu egin du mamografiak egiteko emakume taldea; aurrerantzean, probak egingo dizkie 40tik 49 urtera bitarteko emakumeei ere aurrekariak dituzten kasuetan, hau da, lehen graduko ahaideren batek minbizia izan duen kasuetan.

Rafael Bengoa Osasun sailburuak jakinarazi duenez, joan den urriaren 10ean zabaldu zuten  Bularreko Minbiziaren Antzemate Goiztiarreko Programa. EAEn dauden 40-49 adin tarteko 170.000 emakumeei gutuna bidaliko diete etxera, telefonoz deituko dietela jakinarazteko; bularreko minbizia garatzeko dituzten aukerak aztertzen laguntzea izango du dei horrek helburu.

Berritasun honekin, lehen graduko ahaideren batek (ama, aita, neba-arreba, seme edo alaba) minbizia izan duen kasuetan, mamografiak egingo dizkiete 40-49 urteko emakumeei, gaitza baztertu ala diagnostikatzeko eta, beharrezkoa den kasuetan, tratamendua ezartzeko.

Osasun sailburuaren esanetan, abian jarri den neurri horri esker, bularreko minbizia garatzeko arriskuan dauden 40 eta 49 urte arteko emakumeak identifikatu ahal izango dira, gaitzari ahalik eta azkarren aurre egiteko.

 

EAEn emakumeen heriotza gehien eragiten dituen gaitza

Bularreko minbizia da EAEko emakumeek gehien pairatzen duten tumore txarra; batez beste, 1.175 kasu diagnostikatzen dituzte urtean; eta EAEko emakumeen artean heriotza gehien eragiten dituen gaitza da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak