Pobreziaren aurkako astea egiten dihardu Pobrezia Zero plataformak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 18a

Gizarte justuago bat lortzeko, alternatibak eta kontsumo ohitura berriak proposatzen ditu Pobrezia Zero plataformak. Eta hainbat ekimen antolatu ditu oraingo asterako. Atzo zen Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta Aretxabaletan, kale ekintzak egin zituzten plazan: haurrendako puzgarriak, batukada eta manifestuaren irakurketa. Ondorengo egunotan, beste batzuk egingo dituzte Arrasaten, Oñatin eta Eskoriatzan.

 "Krisi global honek agerian utzi du sistema kapitalista eta patriarkalak pobrezia eta bazterkeriaren adierazpen berriak baino ez dituela sortzen gero eta sektore zabalagoetan, bai gure gizartean eta bai mundu osoan, bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean".

Hala, Zero Pobrezia Plataforma kalera aterako da Aberastasunaren aurka jo, orain! lelopean, uste duelako "ezin dela pobrezia kontrolatu ez bada aberastasuna kontrolatzen, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla". Eta azpimarratu du "berehala hasi behar dugula aberastasunaren, pilaketaren eta xahutzearen aurka borrokatzen".

Berbaldiak, bizikleta martxak eta bazkaria

Honako hauek dira gure ibarrean gaurko eta ondorengo egunotarako antolatu dituzten jarduerak:

 

  • Martitzena, 18: Hitzaldia: Ante la crísis y el empobrecimiento global nuestra propuesta: el decrecimiento, Gregorio Lopez-ekin. 19:00etan, Arrasaten, Kultur Aten, Loramendi gelan. Gregorio Lopez Castilla La Mancha-ko unibertsitateko ekonomia eta empresa zientzien fakultateko irakaslea eta ATTACeko Zerga Justizia Globala batzordeko kidea. (ATTAC: Espekulazioko finantza transakzioen balioztatzerako eta herritarren ekintzarako elkartea).
  • Eguaztena, 19: Gregorio Lopezen hitzaldi bera, Oñatin, Kultur Etxean. 19:00etan.
  • Eguaztena, 19: Partida solidarioa eta Haima taldearen esperientzien aurkezpena. Arrasaten. Mondragon Unibertsitatean. Iturripeko frontoian. 18:30ean.
  • Zapatua, 22: Bizikleta martxa, Eskoriatzatik Arrasatera. Irteera Eskoriatzako Fernando Eskoriatza plazan, udaletxea dagoen plazan, 12:30ean. Helmuga, Arrasateko Biteri plazan. Aretxabaletatik, 12:45 inguruan pasako da-Durana kaletik.
  • Zapatua, 22: Herri bazkaria. Arrasaten. Biteri plazan, 14:30ean. Txartelak erosteko: 688 61 89 98 telefonora deitu edo pobreziazero@gmail.com helbidera idatzi, Arrasaten: Elkarhezitzeneko lokaletan (Dr. Bañez 1, behea). Aretxabaletan: Belar Meta. Gazteentzako moda. (Durana kalea 20).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak