Aizkorri-Aratz parke naturalaren eguna ospatuko da zapatuan, lehenengoz, eta Arantzazu inguruneko eragileen elkarlana bultzatzea da helburua. Eragile taldea zabala da eta bakoitzak bere eguneroko jarduerei jarraituta hartuko du parte: Gomiztegi kooperatiba, Natur Eskola, Oñatiko Turismo eta Garapen Agentzia, Debagoieneko Turismo Bulegoa, Arantzazuko Adiskideak eta bertako ostatu eta jatetxeak Zelai Zabal, Goiko Benta, Sindika, Milikua eta Arantzazuko Santutegia hotela.
Adin guztietarako egitaraua
Eguna ospatzeko antolatu duten egitaraua naturaren maitale guztiak asetzen saiatuko da. Arantzazuko Parketxeko ate irekiekin eta Arantzazu-Gomiztegi ibilbide gidatuarekin irekiko dute egitaraua. Bi kilometro eskasek aldentzen dute Aizkorri-Aratzeko Interpretazio Zentrua Euskal Artzaintzan ardatz garrantzitsuenetarikoa den Gomiztegiko Artzain Eskolatik.
11:00etan txikienendako egitaraua hasiko da. Udazkeneko basoa gai nagusi izango duten eskulanen tailerrak egingo dira. Behin gaztetxoen taldea osatuta, Oñatiko Natur Eskolako gidariek Parketxetik gertu dagoen baso ingurune batera gidatuko dituzte eta udazkeneko materialak, hostoak, fruituak,… batu ondoren tailerrak egingo dira naturaz gozatzeko eta ikasteko.
Aperitibo berezia
Eguerdi aldera Arantzazuko zirkuituan zehar, Santutegitik gertu, historiaz eta kulturaz gozatzeko aperitiboa izena hartu duen ekitaldia hasiko da. Ibilbide horretan Arantzazuko ingurunea beste ikuspegi batetik ezagutuko da, Parketxearen gaiko aldetik doan bidetik zehar, hain zuzen. Arantzazuko etxeetako eta baserrietako bizilagunek ingurune horretako historiaren berri emango dute.
Lurrazpian ere bai
Aizkorri-Aratzeko lurpeko mundua ezagutu nahi dutenek Arrikrutzeko kobak ezagutzeko aukera izango ere dute:16:00etan euskarazko bisita gidatua izango da; 17:00etan, gaztelerazkoa. Parte hartzeko, aldez aurretik 943082000 telefonoan erreserba egitea gomendatzen da, bisita bakoitzeko persona kopurua mugatua delako.
Interpretazio zentroa zabalik
Gandiaga II eraikinean kokatuta dagoen den Aizkorri-Aratzeko interpretazio zentroak, Parketxeak, zabalik egongo da egun osoan Eraikinaren 500 mero koadroko erakusketa iraunkorrak teknologia berriez eta euskarri interaktiboez baliatuz Aizkorri-Aratz Parke Naturalak gordetzen duen ondare naturalaz eta kulturalaz ikasteko eta sakontzeko aukera ematen du. Erakusketa horrek bisitaria Parke Natural honetara hurbiltzeko funtsezko lana egiten duen arren, Aizkorri-Aratzeko ingurune harrigarriak atez kanpo aurkitzen dira.