Jon Sarasua: "Bertsolaritzaren muina ukitzen asmatu du Asier Altunak bere dokumentalean"

Irati Goitia 2011ko urriaren 17a

Urriaren 14an estreinatu zen zinema areto komertzialetan Asier Altunaren Bertsolari dokumentala. Filmeko protagonistetako batekin, Jon Sarasuarekin, egon gara.

Zeu zara dokumentaleko protagonistetako bat.
Nire partaidetza oso mugatua da. Guk ez dugu meritu handirik, guregana elkarrizketak egitera etorri ziren eta geure iritzia eman genuen. Lana beste batzuena da. Guretzat, bertsolari mugimenduarentzat, hau opari bat da. Ate bat da bertsolaritza kanpoan zer den azaltzeko; eta, era berean, guretzako geuretasun horren kontakizun bat. Zorte bat da guretzako.

Ondo erakusten al du Altunaren lanak bertsolaritza zer den?
Hau Kixi-ren begiratu pertsonala da, eta nik uste dut oso begiratu osoa egiten diola bertsolaritzari. Uste dut asmatu duela muina ukitzen. Beharbada, niretzat garrantzitsua da baita bertsolaritzaren aspektu organizatibo eta estrategikoa eta horri ez zaio lehentasunik ematen; arteari berari ematen zaiolako. Berak egin ditu bere aukerak, eta kontatu nahi duena oso ondo kontatuta dagoelako uste dut.

Arrakasta izateko moduko filma?
Nik ez ditut maneiatzen zeintzuk diren pelikula baten arrakastarako parametroak. Hala ere, Zinemaldian aurkeztu zenean, harrera oso ona izan zen eta txaloak ere asko izan ziren. Ez dakit nola mugituko de zinema komertzialetan, baina guretzat oso tresna interesgarria da zenbakiak zenbaki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak