Garaia guneak 17 milioi fakturatu zituen iaz, eta 35 milioi inbertitu zituen I+G arloan

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 17a

Garaia Berrikuntza Guneak 22 enpresa, 735 lanpostu eta 17 milioi euroko fakturazioarekin bukatu zuen 2010. urteko ekitaldia. Horrez gain, 6,8 milioi euroko inbertsio bolumena izan zuen, 35,1 milioi euro gastatu zituen I+G-n, eta fakturazioko 282.601 euro esportazioetan fakturatu ziren. Datu horiek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak txosten baten jasotakoak dira. Garaiaz gain, Bizkaiko PZT, Arabako TP eta Donostiako TPk osatzen dute sarea.

Sare horretan dauden enpresek 3.530 milioi fakturatu zuten iaz, aurreko urtean baino 34 milioi gehiago. Sareak azpimarratzen du, baina, 500 lanpostu sortu direla, sartu berri diren 16 enpresan.
EPTSk zehazten du iazko abenduan 428 enpresa zeudela Arabako, Bizkaiko, Donostiako eta Arrasateko parkeetan; 2009an, 412 ziren. Zuzeneko 14.418 lanpostu erregistratu ziren (13.922 2009an).

Ohiko 649 langile

Garaiaren inguruko 2010eko beste datu interesgarri batzuk ere ematen ditu Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak: esandako 735 langileetatik, 649 ohiko lantaldekoak ziren, eta bestelako kontratu-harreman bat zuten 86k; horiez gain, bekadunak edo praktiketako langileak 219 ziren.
Langileetatik 458 goi-mailako lizentziadunak ziren; 148 doktoreak ziren; bestalde I+G arloan 600 lagun zebiltzan. Sexuka, 284 emakumezko eta 478 gizonezko zebiltzan iaz Garaian. Azkenik,  lantaldeko 194 langile 30 urtetik azpikoak ziren.

Garaia gunearen iazko emaitzen inguruan, honako datuak ematen ditu EPTSk: unibertsitatearekin 84 proiektu edo lankidetza egin zituen, eta zentro teknologikoekin, 54; enpresak berak 233 I+G proiektu garatu zituen; programa ofizialei atxikitako proiektu edo lankidetza kopurua 161 izan zen; eta 2010eko abenduaren 31ra arte 215 enpresa sortu eta 29 patente erregistratu ziren.

I+G+B gastuaren %30

Euskadiko parke teknologikoen inguruko txosten horretan "argi eta garbi" jasotzen da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburua, alegia, "parkeok berrikuntza eta teknologi gune izaten jarrai dezatela, bertan kokatu eta kontzentratu daitezen gainerako enpresendako erreferentziazkoak diren konpainia berritzaileak", Sarearen hitzetan. EAEko ekonomiak I+G+Bn egiten duen gastuaren %30 eta euskal enpresek egiten dutenaren %39 teknologi parkeetan izaten da.
Iaz, gainera, proiektu garrantzitsuak hasi ziren parkeen sarean: BTEK-Teknologiaren Interpretazio Zentroa jarri zen martxan Bizkaian, eta aurrerapen garrantzitsuak egin ziren parkeen zabalkuntzan, nagusiki Bizkaikoan (EHUko Parke Zientifikoa eta Ezkerraldeko Teknologi Parkea), baina baita ere Arabakoan eta Donostiakoan, lursailak erosi baitziren Miñaon eta Hernaniko Galarreta eremuan zabalkuntzak egiteko.

Azalera, 2,16 milioi m2

Txostenak azpimarratzen duen beste ondorio bat hau da: euskal parkeetan dauden enpresen %70 ez zirela existitzen lehenago; hau da, sortu berriak dira, dela berriak direlako edo Euskadin ez zeudelako eta etortzean parkean instalatu direlako.

Jarduera sektoreei dagokienean, Euskadiko Parkeen Sareko jardueraren %32 IKTen arlokoak dira; %16, I+G zentroetakoak; %14, aeronautikaren sektorekoak, %10, medikuntza eta biozientzietakoak; %6, energiakoak, ingurumenekoak eta elektronikakoak; %5, automobilgintzakoak; eta %11, gainerako sektoreetakoak.

Parkeek 2,16 milioi metro koadroko industri azalera urbanizagarria kudeatzen zuten iaz, eta azalera horren %66 dagoeneko merkaturatuta edo eraikita dago. Espazio horretan, guztira, 1,2 milioi metro koadro eraikigarri daude; horien %56 (541.464 metro koadro) enpresek eraiki dituzte, eta gainerako 140.346 metro koadroak parkeenak dira enpresak bertan instala daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak