Maite Aristegi Nazio Eztabaidaguneko kide eta EHNEko idazkari izandakoak, besteak beste, "ilusio handiz" eta "zubi lanak egiteko asmoarekin" hartu du erronka berria. Erronka "izugarria" dela jakitun da Aristegi baina, aldi berean, "momentu historiko baten aurrean" gaudela dio eta bera lana "ahalik eta ondoen egiten" saiatuko dela. "Indar, ahots, sentsibilitate eta ikusteko era desberdinak elkartu dira Amaiurren" eta "herritarren ilusio bat" ere badela gehitzen du. Hark azaltzen du nahi dutena dela "Amaiur izatea Madrilen Euskal Herriaren bozgorailua".
EAJtik, ibarreko bi
EAJtik ibarreko bi emakume joango dira zerrendetan aurre-aurrean, biak gainera Senaturako hautagai moduan. Gipuzkoako ordezkari moduan, zerrendaburua izango da Lore Leanizbarrutia aretxabaletarra. Gaur egun ere Espainiako Senatuko kide da Leanizbarrutia.
Harekin batera baina Arabako zerrendan eta hirugarren hautagai moduan Izaskun Moiua oñatiarra joango da. Biak ala biak alderdi barruan ibilbide luzea eginiko emakumeak dira. Moiua Emakundeko zuzendari izan zen.
Bestalde, Itziar Lamarain (PP) arrasatearra Arabatik Senatuko lehenaren ordezko izango da.