Esker hitzak bai, baina eskera ere bai, bereziki gazteei, 40 urtetik beherako herritarrei zabaldu gura izan die-eta mezu berezia Sabin Urtzelaik, emaileen elkarteko lehendakariak. Gureko omenduen artean, errekonozimendu berezia hiruk jaso dute: Bergarako Pedro Bengoak, 80 donazio egindakoak eta Oñatiko Jose Luis Etxebarriak eta Santos Fuentesek, biak ala biak 70 donaziotik gora egindakoak. "Emaile Oparoak" dira horiek eta hori dela-eta intsignia berezia jaso dute. Ostean bazkaria egin dute Espaloian, 80 lagunetik gora; horietatik 58k dominak jaso dituzte.
Kanpaina berria
Hain zuzen, Gipuzkoako Emaileen Elkarteak urri amaieran kanpaina berriari ekingo dio eta helburua da Gipuzkoan emaile kopurua handitzea eta Araba eta Nafarroarekin bat egin mundu mailako lehenen artean. Sabin Urtzelaik azaldu zuenez, bertan batutako asko 75 aldiz baino gehiago odola emandakoak dira eta "ziurrenik 60 bat pertsonari lagundu eta 15 bat bizitza salbatuko" zituzten odola emanda. Gipuzkoan 18.000 emale daude egun eta kopurua handitu gura dute 3 urteren buruan, orduan beteko ditu-eta elkarteak 50 urte.
Esanak:
M. Helena Odriozola, Oñati
"Kliniketara begiratu besterik ez dago beharraz konturatzeko. Oñatin badaukagu 400 bat laguneko taldea eta pozik gaude. Gazteak ere badaude baina jende gaztea da, halere, gehien animatu behar dena".
Jose Luis Etxebarria, Oñati
"Falta zegoela-eta hasi nintzen orain dela urte batzuk odola ematen eta orain gutxi arte egin izan dut. Lehenago hasi izango banintz aspaldi neukan 75eko marka gaindituta. 3-4 aldiz eman izan dut urtean".
Pedro Bengoa , Bergara
"Nik beti pentsatu izan dut hobe dela ematea norberak jasotzea baino. Familiakoak ematen hasi ziren eta neu ere hala hasi nintzen. Gazte jendea animatu behar dugu, alde batera lagata daukate-eta".