Inaugurazio ekitaldian izan zen Jesus Elortza Bergarako alkatea eta baita Mila Elexpuru eta Juanje Amasorrain zinegotziak. Haiekin batera, batu ziren Arantzabalen hainbat senide eta lagun; Beart, Bergarako Artisten Elkarteko kideak…
Neurri ezberdineko margolanak ipini ditu Aroztegin Ramon Anantzabalek (Arrasate, 1950). 16 margolan, guztira. Horietatik, bi, tamaina handikoak dira: koadro bat 3x3 metrokoa; beste bat 8x2 metrokoa, lurrean; eta, bestalde, bada beste bat, 6x2 metrokoa, kanpoaldean ipini duena, hain justu ere, Irala kalera ematen duen Errege Seminarioko fatxadatik eskegita dagoena.
Munibe plazan
Gau magikoak Muniben ikuskizuna egin zutenean, asmoa zen margolanak Muniben uztea ikusgai egun pare batez. Baina, hainbat arrazoi tarteko, ez zen posible izan lanak han uztea eta, horregatik, Arantzabalek erabaki zuen erakusketa Aroztegin egitea: patxada handiagoz ikusteko aukera izateko herritarrek.
Arantzabalen asmoa da gau hartan Muniben bizi izandako giroa Aroztegira eramatea. Hala, batetik, gau hartan grabatutako irudiak jarri ditu ikusgai; bestetik, gau hartan jasotako argazki panoramiko bat jarri du. Honekin lortu nahi du ikusleak aurora borealaren eta Jean Sibelius-en inguruan mugitzea.
Katalogoak salgai
Erakusketan bertan katalogoa jarri du salgai Arantzabalek, 5 eurotan. Katalogoan ikus daitezke Munibe plazan iazko ekainaren 25ean jasotako irudiak. Katalogoekin lortutako dirua erabiliko du hurrengo egin nahi duen ikuskizunerako.



Koloretako margolanak
Arantzabalen ahotan, lan "abstraktuak eta oso koloretsu eta adierazgarriak" dira Aroztegin ikusgai dituen lanak. Egileak nahiko luke bisitariak pintura abstraktuaz gozatzea, eta Aroztegi aretotik irtetea "kolorez eta magiaz liluratuta".
Erakusketaren ordutegia
Honako hau da Aroztegi aretoko ordutegia:
- Martitzenetik egubakoitzera: 18:00etatik 20:30era.
- Zapatuetan: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
- Domeka eta jai egunetan: 12:00etatik 14:00etara.
Argazki gehiago hemen.