Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari bi eskaera, eta "dagokien erakundeei" beste bat egiteko proposatzen du Bilduk:
1.- Behar diren neurriak hartuz obligazio hau ezartzeko hipotekak betearazteko prozesuetan: kreditu erakundeari etxebizitza ematerakoan hipoteka eratzeko eskriturako tasazio balioa erabiliko da.
2.- Beste obligazio hau ezar dezala ere bai: ordainean ematea, etxebizitzaren ondoriozko zorrak hartzekodunen konkurtsoetan sartzeko aukera, eta epaileek berandutza korrituak eteteko aukera.
3.- Dagokien erakundeei: egin ditzatela hitzarmenak dagozkien administrazioekin, bultzatzeko eta onartzeko behar diren lege aldaketak aipatutako erakunde publikoa hipotekak erosten has dadin, jabeari etxebizitzan jarraitzen utziz alokairu sozial baten truke.
Proposamen horien hitzaurrean, honela azaltzen du egoeraren bere ikuspuntua Bilduk:
"Hipoteka maileguak munduko erraztasun guztiekin eman izan dira, ondorioz, gaur egungo krisi egoeran hipoteka maileguak tranpa bilakatu dira, eta bi belaunaldi kaltetzen dituzte. Mailegua ematen zuen erakundeak tasatzen zuen etxebizitza, etxea maileguaren berme erreala izan zedin, eta tasazioa hipoteka eratzeko eskrituran sartzen zuen. Gero, betearazteko orduan, “atzo hau esan eta gaur hau berriz”: balorazio berriei heltzen diete, eta horiez baliatuz etxebizitza eskuratzeaz gain mailegu hartzaileen ondarea jazartzen jarraitzen dute. Eta, gero eta gehiagotan, mailegu hartzaileen gurasoen ondarea ere jazartzen dute".
Bilduren iritziz, egoera horrek bi konponbide behar ditu: "Lehenengoa, epe laburrean eta berehala egiteko: mailegu erakundeei obligazio berariazkoa eta positiboa jarri behar zaie kopuruen erreklamazioak eskriturako balorazioari lotzeko".
Eta bestea: "Administrazioek esku hartu beharra daukate txirotasunaren aurkako borrokan eta etxebizitza politikan. Erakunde publiko bat sortu edo berformulatu behar litzateke: etxebizitza eskubidea zaintzeko helburua lukeena, eta, horretarako, alokairurako etxebizitzen parke publiko bat eratzen joango litzateke pixkanaka. Erakunde publiko horren finantzaketan, ahurrezki kutxek hartu behar lukete parte, gizartekintzaren bidez, bai eta administrazio publiko ezberdinek ere. Etxebizitza baten jabea denak etxebizitza erakunde publiko horri emateko aukera izango luke. Erakundeak bere gain hartuko luke hipotekatik ordaintzeke geratzen den balioa, kreditu bat emango lioke lehengo jabeari, zenbateko honekin: ordaindutako diru kopurua, ken etxebizitza alorrean izan zituzten zerga kenkari guztiak kenduta. Etxebizitza horrela lagatuz, eskubidea izango da etxean alokairuan bizi ahal izateko epemugarik gabe".