Nagusiendako zerbitzuen erabilpena aldatzen doa

Leire Kortabarria 2011ko urriaren 17a

Gipuzkoa osoan, Debagoienak dauzka nagusien erresidentzietan sartzeko itxoin-zerrenda txikienak. Hala, Gipuzkoako egoitzetan, batez beste, eskaera eginez geroztikako itxoinaldia 191 egunekoa da, eta eskualde batzuetan luzeagoa da.

Adibidez, Bidasoaldean 354 egunekoa da eta Donostialdean, 228 egunekoa. Aldiz, Debagoienean 75 egunekoa da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen Laguntzarako zuzendari Txelo Perezek emandako datuen arabera. Hondarribiko Betharram egoitzaren obren bisitan, Perezek azpimarratu zuen eskualdeen artean dagoen desberdintasuna, eta Debagoieneko datua eman zuen. Guztira, Gipuzkoan 1.225 lagun daude egoitzaren baten sartzeko zain; hau da, adinekoen erresidentziak, eguneko zentroak, adimen-gaixotasunekoak, ezgaituenak eta beste batzuk batuta. Irail bukaeran, hauek ziren itxoin-zerrendak, Foru Aldundiaren datuen arabera: adineko pertsonendako egoitzetara sartzeko, Bergaraldean (Bergara, Antzuola eta Elgeta) hamar lagun zeuden zain eta Leintz ibarrean (Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati eta Leintz Gatzaga), 49 (Gipuzkoa osoan, 843); eguneko zentroetan sartzeko, Bergaraldean lau eta Leintz ibarrean zortzi (Gipuzkoan, 205).

Gizarte Politikarako Departamentuaren ustez, "laguntza eredua berraztertu egin behar da, birplanteatu", eta "egoitzak Aldundiaren eskutik kudeatzera joan behar da". Ander Rodriguezek zuzentzen duen sailaren asmoa hauxe da: itxoin-zerrenden arazoari "epe laburrean" heltzeko, zentroekin plaza gehiago hitzartu, batez ere itxoin-zerrenda luzeenak dituzten eskualdeetan.

Bestalde, etxeko laguntza zerbitzua "ez gutxiengoak, baizik gehiengoak erabil dezan" da Gizarte Politikarako Departamentuaren helburua.

Legea eta immigrazioa
Debagoienean, denetariko zerbitzuak daude nagusien eskura: egoitzak –udalenak baina Aldundiarekin hitzartuak Bergaran, Arrasaten eta Oñatin; pribatuak, irabazi asmorik gabeak eta Aldundiarekin hitzartuak Arrasaten eta Eskoriatzan; eta pribatuak, irabazi asmodunak eta Aldundiarekin hitzartutako plazak dituen bat, Aretxabaletan–, eguneko zentroak herri gehienetan eta diruz lagundutako etxeko laguntza zerbitzuaren aukera, garrantzitsuenak aipatzearren.

Aukerak lehengoak dira, baina ez dira lehen bezala erabiltzen. Hainbat faktore egon daitezke atzean: 2007an Mendekotasun Legea onartu izana, immigrazioa eta ekonomia krisia.

Bergarako Udaleko Gizarte Ongizateko arduradun Xabier Legorburuk lehenengo biak aipatzen ditu etxeko laguntza zerbitzuak azken urteetan izan duen geldialdia azaltzeko: "Hirugarren adineko populazioa gero eta handiagoa da, baina eskaerak ez dira neurri berean handitu. Bergararen kasuan, arrazoiak bi direla uste dugu: Mendekotasun Legea onartu zenetik, etxean atenditzeagatik dirulaguntza jasotzen du jendeak; eta, bestetik, migrazioaren fenomenoarekin, jende askok nahiago du dirulaguntza hori bere aldetik zaintzaile bat kontratatzeko erabiltzea. Gu horretaz konturatzen gara, eta badakigu norberak kontratatutako zerbitzua modu libreagoan antolatu daitekeela; Udaletik datorren zerbitzua kontrolatuagoa dago, ordu aldetik eta lan mota aldetik".

Hala ere, azken sei urteotan 3.000 ordu handitu da Bergarako Udalak ematen duen etxeko laguntza zerbitzua, eta aurten 33.500 ordu ematen ditu.

Bestalde, etxeko laguntza zerbitzu publikoaren finantzaketa desberdina izan daiteke herri batetik bestera. Bergararen kasuan, iaz, Foru Aldundiak %61 ordaintzen zuen; Udalak, %24, eta erabiltzaileak, %15, baina norbere egoera ekonomikoa eta zenbat orduko zerbitzua behar zuen kontuan hartzen ziren kuotak ezartzeko unean.

Langabeak, zaintzaile
Mendekotasun Legearen dirulaguntzak eta krisia, biak egon daitezke ere beste fenomeno baten atzetik: herri batzuetan eguneko zentroen erabilerak izan duen geldialdia. Elgetako eguneko zentroa gehiago ezagutarazteko kanpainatxoa egin dute herrian eta inguruetan –Uberan, Angiozarren… Bideberri Mankomunitateko (Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzaga) gizarte langile Naiara Unamunok onartzen digu "komeni" dela "jende gehiago" joatea, bestela Foru Aldundiak ixteko arriskua dagoelako. Elgetako zentroak zazpi lagun har ditzake, eta orain bi dabiltza. Denetariko zerbitzuak ematen ditu, eta baita halako zentroetan ezohikoak diren batzuk ere: esaterako, arratsaldez bakarrik joateko aukera.

Unamunok krisiari egozten dio eguneko zentroek duten gainbehera: "Lan barik geratu da jende asko, eta nahiago dute eurak geratzea etxean nagusia zaintzen. Mendekotasun Legearekin, gainera, dirulaguntzak daude jendea etxean zaintzen dutenendako".

Mendeko handiak bakarrik
Krisiaren eragina agerikoa da erresidentzien kasuan; orain urte batzuk arte, mendekotasun txikiak zuten nagusiek edo burujabe zirenek ere sartzeko modua izaten zuten, baina gaur egun, "erresidentziak mendekotasun handikoendako bakarrik geratu dira", Eskoriatzako gizarte langile Agurtzane Altubek esaten duenez. Izan ere, egoitzetako plazak Foru Aldundiarekin hitzartuta daude erresidentzia gehienetan, eta horiek Aldundiak ordaintzen ditu neurri handi baten. Aldundiaren konpetentzia dira mendeko pertsonak, eta mendekotasun handiak dituztenak joaten dira normalean egoitzetara; kasu batzuetan, burujabeek eta mendekotasun txikia dutenek ere badute aukera, baina gutxiengoa dira egoitzetan.

Etxeko laguntza zerbitzua 27 lagunek dute aurten Eskoriatzan. Agurtzane Altubek esaten duenez, "azken urteotan, hortxe dabil kopurua". Eskoriatzan, 18,2 euro ordaintzen da ordua, eta Altubek onartzen du prezioa oztopo izan daitekeela berau eskatzeko. Hain zuzen, Gizarte Politika Departamentuaren helburu bat da "prezio publikoa zerbitzuaren preziotik banantzea".

Bost egoitza eta 500 leku mendekoendako
Debagoienean 499 leku daude adinekoendako bost egoitzetan: Iturbiden 104 (78 mendeko handiendako eta zazpina burujabe eta mendeko txikiendako), Mizpirualden 110 (104 hartuta: 57 mendeko handiendako, 28 mendeko larriendako, 11 mendeko moderatuendako eta zortzi, burujabeendako); San Martinen 83 (60 mendekoendako), GSR Debagoienan 170 (97 kontzertatuak; eta plaza gehienak mendeko handiendako dira); eta Mesedeetako Amaren egoitzan, 32 (mendekotasun handia dutenendako). Itxoite-zerrenda guztiak Gizarte Politikarako Departamentuak kudeatzen ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak