1. Duela urte batzuetatik hona, bareago ikusten zaitugu. Adina aurrera doan seinale?
Ui! Agian bai, agian adinaren kontua da; baina adina esperientzia ere bada.
2. Showman-a izateko, jaio egin behar da ala ikas daiteke?
Biak. Nik dakidala berez ez neukan showman izaeraren sentimendurik, baina dirudienez esaten zidaten txikitatik horretarako joera banuela. Baina ikasi ere egiten da, esperientziak asko irakasten du.
3. Pantaila txikian izandako bikotekideen artean, zeinekin feeling onena?
Galdera zaila! Erantzun diplomatikoa dirudi, baina bakoitzak badu berezitasunen bat. Profesionalki Euzkitzerekin akaso. Ez dut inoren oroitzapen txarrik, baina, izanda ere, ez nizuke esango!
4. Madrilen ere ikusi zaitugu lanean. Buruan beti izan duzun erronka?
Jende askorentzat hori da ametsa; ez niretzat. Aro baten ez nuen hemen lanik eta hara joan nintzen bila. Baina nik beti izan dut Euskal Herrian lan eta bizi izateko gogoa.
5. Zeintzuk dira elkarrizketatzeko errazagoak: ezagunak ala ezezagunak?
Ez du zerikusirik: izan daiteke pertsona ezagun bat eta interesik gabeko elkarrizketa, edo kaleko edonor bat-batean elkarrizketatu eta istorio interesgarria lortzea. Kontua ez da zaila edo ez; interesgarria edo ez baizik.
6. Lan hain publikoa izanda, jendearen aurreiritzi askori egin behar al zaie aurre?
Hori horrela da lan publikoa izan edo ez; aurreiritziak bizitzako arlo guztietan daude. Edonork sufritzen ditu aurreiritziak, eta horrek amorrua ematen dit.
7. Irratia itxita geratu den etapa bat da?
Ez, nik behintzat ez dut horrela ikusi nahi. Egia esan, ez dut irratia alde batera utzi. Nire asmoa da ate hori zabalik mantentzea. Aukera, eta zailagoa dena, denbora izanez gero, gustura itzuliko nintzateke.
8. Eta aktore lanetara bueltatzeko asmorik?
Ez; hor barkamena eskatu behar dut. Zoragarria izan zen, euskal aktore asko ezagutu nituelako. Baina ez dut nire burua horretan ikusten; lan gogorra da, balio behar duzu. Suertatu zitzaidan eta aprobetxatu nuen, baina akaso harrokeria puntu bat izan zen.
9. Zerk okertzen dizu umorea?
Gauza askok: egunkaria zabaldu eta langabezia datuak ikusi, kalean jarrera desegokiak ikusi... Baina umorea okertu arren, berriz umore onez jartzeko ahalmena ere badut.
10. Zenbatean behin itzultzen zara Eara?
Orain sarriago, hamabostean behin edo horrela. Ama Guada bisitatu, hondartzara joan...
-------------------------
Lehendakaria banintz: "Argi daukat zein izango litzatekeen lehendakari kargua hartu ostean hartuko nukeen lehen erabakia: neure buruaren dimisioa eskatzea. Ez dut neure burua halako lan bat egiten ikusten, ez naiz horretarako gauza".