Mintzapraktika egitasmoa abiarazi dute aurten ere AEDk eta Jardunek

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko urriaren 11

Helburua euskara praktikatzea izanda, euskaldun berri eta zaharrek osatutako taldeak ditu oinarri. Izenematea zabalik dago eta erabat dohainekoa da.

Ikasturte berrirako Zaharberri eta Berbalagun mintzapraktika programak aurkeztu dituzte Arrasateko AED eta Bergarako Jardun euskara elkarteek Zu gabe ezin. Zatoz eta egin lelopean. Asteon aurkeztu dituzte, bi herriotako Euskara zinegotzi, Udal teknikari eta Udal euskaltegietako ordezkariekin batera. 
Euskaldun berriak, euskara maila hobetu nahi dutenak edo euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak, euskaraz berba egiten dutenekin elkartu eta berba egitea errazten duen egitamoa da.
Taldetxotan gauzatzen da eta dohainekoa eta borondatezkoa da, Maitena Arana Zaharberri egitasmoko koordinatzaileak azaldu zuen moduan: "Euskaldun berri edo euskara maila hobetu nahi dutenek ez dute ezer ordaindu behar eta euskaraz berba egiten duten laguntzaileek ere ez dute kobratzen. Taldea laguntzaile batek eta praktikatu nahi duten bizpahiru pertsonak osatzen dute. Hala, ziurtatzen da giro atsegina, hurbila eta parte-hartzailea". Horrekin batera, azpimarratu zuen laguntzaile izateko ez dela euskara titulurik izan behar, euskaraz natural berba egitea nahikoa dela. 

Astean ordubete

Taldeok astean ordubetez batzen dira euskara praktikatzeko eta kideen zaletasuna, gustua, adina, bizitokia eta ordutegia aintzat hartuz sortzen dituzte. Ze egunetan, ze ordutan eta ze egoeratan elkartuko diren talde bakoitzak erabakiko du, Maitane Arizabaleta Berbalaguneko koordinatzaileak azaldu zuenez: "Taldea elkartu daiteke zerbait hartzeko, paseatzeko, kirola egiteko, erakusketa bat ikusteko... Eurak erabakiko dute. Posible da guraso eta umez osatutako taldeak osatzea ere; urteotan izan ditugu gurasoak umeak zainduaz astean ordubetez elkartu izan direnak  eta partaideen iritziz, oso lagungarria izan zaie".

Beste ekintza batzuk

Astean behineko hitzorduez gain, taldeak elkar ezagutzeko eta harremanen sarea zabaltzeko, hilean edo hile eta erdian behin, ekintza osagarriak antolatzen dituzte. Hala nola, irteeran, ikastaroak, bazkari eta afariak, kultura irteerak. Bihar, zapatua, esaterako, Barandiaran museorako irteera antolatu dute.
Horrez gain, ekainean beste herri batzuetako mintzalagunek elkar ezagutzeko Mintza Eguna jaialdia ere antolatzen dute.

Helburua, euskara erabiltzea

Mintzapraktika programa duela 11 urte abiarazi zuten Arrasaten eta Bergaran, 2006an, eta oso erantzun ona izan du bi herrietan. Esaterako, Arrasaten 45 lagunek hartu zuten parte aurreko ikasturtean eta Bergaran, 65ek. Antolatzaileen esanetan, azken urteetako zabalpenaren ostean, frogatu da taldeok tresna interesgarri eta eragingarriak direla euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak eta ohiturak sortzen.
Euskararen erabilera bultzatu eta zabaltzea da helburu nagusia. "Erabiltzea da hizkuntza bat ondo ikasteko modurik egokiena, eta proiektu honek hori ziurtatzen du: astean ordu bazuetan euskara praktikatu nahi duenak euskalhiztunekik berriketan egotea".
Hori guztia kontuan izanda, egitasmoan parte hartzera animatu dituzte "ikasle, irakasle, guraso, langile eta orohar, herritar oro, denon artean posible baita hizkuntza komunitatea indartu eta egonkortzea".

Izenematea zabalik dago

Mintzapraktika taldeetan parte hartzeko baldintza bakarra da euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea. Horrez gain, erabat doainekoa da eta interesa duten guztiei zabalik dago.
Parte hartu nahi duenak antolatzaileengana jo dezake: Arrasateko AED elkartera (Pablo Uranga 6, 943 77 12 28) edo Bergarako Jardunera jo dezake (Errotalde jauregia, 943 76 36 61).
"Euskara hobetzeko, laguntzeko, erabiltzeko, bizitzeko..." berbalaguna izatera animatu nahi dituzte debagoiendarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak