'Bertsolari' filmerako sarrerak nahi?

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urriaren 11

Egubakoitzean estreinatuko da Bertsolari, Asier Altunaren film luzea, Arrasateko Amaia antzokian, 20:00etan. Bertan izango dira Asier Altuna zuzendaria eta Jon Sarasua, bertsolari ohi eta filmeko protagonistetako bat. Goienak filmera gonbidatu nahi zaitu eta, hala, 10 sarrera bikoitz zozkatuko ditu Goiena klubeko kideen artean. Zer egin sarrerak lortzeko?

Samurra da, baldintza bakarra da Goiena klubeko kide izatea. Eta telefono honetara deitzea, eguen eguerdia baino lehen: 943 25 05 05. Deitzen duten guztien artean, esan bezala, hamar sarrera bikoitz zozkatuko dira, hau da, hamar onuradunei bina sarrera egokituko zaizkie. Ea, bada, animatu eta parte hartu.

Bakarkako lehen film luzea

Bertsolari Asier Altunaren bakarkako lehen film luzea da. Aurretik, Aupa Etxebeste! arrakastatsua egina du, baina Telmo Esnalekin batera. Oraingoa, dokumental eran egina, 90 minutukoa, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, Sail ofizialean, arrakasta handia lortu zuelarik. Altunak hainbat film labur eginak ditu, batzuk bakarka eta beste batzuk Telmo Esnalekin batera, gehienak ere arrakastatsuak eta hainbat sari jasotakoak zinema jaialdietan.

Euskaraz errodatu du orain arte Altunak eta euskarazko zinemagintzako erreferente nagusietakoa da.

Goiena telebistan gaur

Zinemagile bergararra Goiena telebistan izango da gaur, 19:45etik aurrera, Magazinean. Bertsolari filmaren gaineko zehaztasunak kontatuko ditu eta euskal zinemagintzari buruz ere ariko da.

Bertsolari filma iragartzeko kartela, Manu Muniategiandikoetxea artista bergararrak egindakoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak