Basque Culinary Centerrek eta Gastronomiaren Euskal Akademiak hitzarmena sinatu dute euskal gastronomia sustatzeko

Maider Arregi 2011ko urriaren 10a

Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Gastronomiaren Euskal Akademiaren lehendakari Maria del Mar Txurrukak hitzarmena sinatu dute gaur; euskal kultura gastronomikoaren garapena, hedapena eta tradizioa sustatzea da asmoa.  Hitzarmenak lotura du gastronomia ikertzera eta sustatzera bideraturiko Basque Culinary Centerren Euskal Gastronomiaren Institutua abian jartzearekin. Gastronomiaren Euskal Akademiak, euskal sukaldaritza eta gastronomia-arteak ikastea, lantzea, ikertzea eta hedatzea ditu helburu nagusi.

Euskal gastronomia sustatu eta Basque Culinary Center Euskadin, Espainian eta nazioartean Gastronomia Zientzien alorreko prestakuntzan, ikerkuntzan, berrikuntzan eta ezagutzaren eta teknologiaren transferentzian erreferente izateko beste urrats bat eman nahi izan dugu. Izan ere, Basque Culinary Center Espainiako Gastronomia Zientzien Fakultate bakarra izango da, eta bere instalazioetan Gastronomia Zientzietako Ikerketa eta Berrikuntza Zentro bat duen mundu osoko bakarra.

Gaur sinaturiko hitzarmenak bost urteko iraupena izango du eta automatikoki luzatuko da. Bi erakundeen artean lankidetzarako eta elkar laguntzeko esparru bat finkatzea du helburu. Esparru horretan, gastronomiaren eta elikagaien teknologiaren prestakuntzarekin, ikerketarekin eta berrikuntzarekin loturiko jarduerak burutuko dituzte. Hitzarmen horren bitartez, beren intereseko zientzia-esparruetan Ikerketako eta Garapeneko (I+Gko) ikasketak, proiektua eta programak burutuko dituzte erakunde biek. Horiek Basque Culinary Centerren eta/edo Gastronomiaren Euskal Akademiaren Zentro, Institutu, departamentu eta beste unitate batzuetan egingo dira.

Horretaz gain, elkarri aholkularitza emango diote eta informazioa trukatuko, lan-taldeak sortuko eta txostenak egingo dituzte gastronomiari, elikadurari eta nutrizioari buruzko gaietan. Hitzarmenak prestakuntza-programetan lanbide- eta lankidetza-jardunaldiak antolatzeko lankidetza ere aintzat hartzen du. Hitzarmenak, hain zuzen, lotura zuzena du gastronomia ikertzera eta sustatzera bideraturiko Basque Culinary Centerren Euskal Gastronomiaren Institutua abian jartzearekin.

Gastronomia Zientzien Fakultatea

Basque Culinary Centerri, Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultateari, esker, ezaugarri horiek dituen Espainiako lehen –eta Europako bigarren– unibertsitatearen egoitza izango da Euskadi. Gainera, gastronomian eta elikagaien zientzian ikerketako eta berrikuntzako zentro bat izango duen Munduko lehen fakultatea izango da. Basque Culinary Centerrek, hortaz, bere ezagutza-alorreko, eta bereziki gastronomia-zientziei loturiko alorretako, I+Gko nazioarteko erreferentziazko zentroa izatea du helburu. Espainian ez dago gastronomiaren alorreko unibertsitate mailako prestakuntza-eskaintza ofizialik. Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia eta Sukaldaritza Zientzien Graduak irailetik aurrera hutsune hori beteko du, Goi-mailako Hezkuntzaren Europar Espaziora egokituriko titulu baten bitartez. Horrek lau ezagutza-eremu handi izango ditu: Sukaldeko eta jangelako sommelier-teknikak, negozioaren kudeaketa, Zientzia eta Teknologia, eta Kultura eta Artea. Basque Culinary Centerrek Gradu-mailako unibertsitate-titulua, sukaldaritzako profesionalei eta beste sektore batzuetakoei zuzenduriko graduondokoak, etengabeko prestakuntza eta sukaldaritza maite duenentzako eskaintzak eskainiko ditu. Bitartean, goi-sukaldaritzako profesionalen eta gastronomiarekin zuzenean eta zeharka loturiko enpresa- eta ezagutza-sektoreen artean berrikuntza eta ezagutza-transferentzia sustatzea izango da I+G+b-ko zentroaren helburua, eta horien artean sinergiak sortzea. Gainera, ikerketari loturiko sei lerro garatuko ditu: Elikadura-heziketa eta -ohiturak, Elikadurarekiko gizarte-erantzukizuna, Elikadura-joerak, Kudeaketan berrikuntza sektoreko enpresetan, Elikadurarekin loturiko teknologien garapena eta, azkenik, Elikagaiak prestatu, aurkeztu eta kontserbatzea.

Gastronomiaren Euskal Akademia

Gastronomiaren Euskal Akademia 1992an sortu zen eta, besteak beste, euskal sukaldaritza- eta gastronomia-arteak ikastea, lantzea, ikertzea, dibulgatzea, sustatzea eta hedatzea ditu helburu, euskal sukaldaritza tradizionala eta horren erabilera sustatzeko, eta horren bilakaera errespetutsua ahalbidetzeko, baita horren ezaugarriak eta alderdi garrantzitsuenak Euskadin, Estatuan eta nazioartean ezagutzera emateko ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak